Ekonomia -
Urteko balantzea
GAIA klusterra osatzen duten enpresen fakturazioak behera egin du
Elektronika, informatika eta telekomunikazioen sektoreko 260 erakunde hartzen ditu bere baitan GAIAk. 2013ari begira, salmentak eta enpleguak % 3 jaistea aurreikusi dute.
Erredakzioa
Euskadin, Elektronika, Informatika eta Telekomunikazio alorretan diharduten enpresen fakturazioa jaitsi egingo da 2013an eta lanpostuak ere galdu egingo dira, GAIA Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazio klusterrak egindako aurreikuspenen arabera.
Biharko urteko batzarraren atarian, elkarteak prentsaurrekoa eskaini du gaur, 2012. urteko balantzea egiteko eta 2013. urteko aurreikuspenak egiteko, eta bertan izan dira Manuel Salaverria presidentea, Igor Arrizabalaga presidenteordea eta Tomas Iriondo zuzendari nagusia.
GAIA klusterrak 260 erakunde hartzen ditu bere baitan, eta guztien artean 2.742 milioi euro fakturatu zituzten 2012an, aurreko urtean baino % 5,8 gutxiago. Eskari publikoaren eta pribatuaren jaitsiera eta finantzazio arazoak eragin du jaitsiera, GAIAren arabera.
Lanpostuen galera ere gertatu da 2012an; izan ere, urte amaieran % 5,3 langile gutxiago zeuden sektorean.
2013ari begira, berriz, salmentak eta enpleguak % 3 jaistea aurreikusi dute.
GAIAko presidenteak azaldu duenez, sektoreko enpresek modu ezberdinean erantzun diote krisiari, bakoitzaren tamainaren eta azpisektorearen arabera.
Kaltetuenak enpresa txikiak izan dira, eta, bereziki, nazioartera joateko aukerarik ez dutenak. Hori dela eta, nazioartekotzea eta tamaina jarri ditu giltzarri Salaverriak. GAIAk elkarlanerako egitasmoak eta merkatuarekin lotura estuagoa dutenak bultzatuko dituela gaineratu du.