Ekonomia -
Hipotekak
Kutxabank: 'Zoru klausulen gaineko epaiak akatsak ditu'
"Epaileen betebeharra legea interpretatzea eta aplikatzea da, eta ez legegilearen lana egitea eta osatzea", nabamendu du Mario Fernandezek.
Auzitegi Gorenak zoru klausulen gainean emandako epaia kritikatu du gaur Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak: "Tamalgarria da, eta onargarriak ez diren akats juridikoak ditu".
"Epaileen eginbeharra legea interpretatzea eta aplikatzea da, ez legegilearen lana egitea eta osatzea", adierazi du Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan.
Auzitegi Gorenak maiatzaren 9an zoru klausulen gaineko epaia eman zuen, eta aurrerantzean zoru klausulak baliogabeak izango dira, hipotekak kontratatzeko prozesuan gardentasunik ez badago; hain zuzen ere, BBVA, Cajamar eta Novagalicia finantza erakundeek zoru klausulak gardentasunik gabe merkaturatu zituzten. Ebazpenak gardentasunez jokatzeko eskatzen die finantza erakundeei, eta, beraz, baldintza hori bete ez den kasuetan, bertan beheran geldituko dira zoru klausulak.
Fernandezek azaldu duenez, Kutxabankek gisa horretako hipoteka gutxi ditu (% 0,1), baina Cajasol Kutxabanken banku filialak horrelako finantza kreditu "nahikotxo" ditu.
Kontuak kontu, aipaturiko bi erakundeek ez dute Auzitegi Gorenaren epaia berehalakoan aplikatzeko betebeharrik, ebazpena ez baita loteslea bietako inorentzat, Fernandezen arabera.
Klausulak gehiegizkoak diren galdetuta, erantzuna hainbat faktoreren baitan dagoela adierazi du: "Hipoteka sinatzerakoan bezeroari informazioa eman zaion ala ez kontuan hartu behar da, eta baita finantza tartea ere, arriskua baitago interes tipoaren eboluzioaren arabera", adierazi du.
Hipoteken lege berria ere izan du hizpide Kutxabankeko buruzagiak. Horren iritziz, "bankuek segurtasun juridikoa behar dute, egiten ari direna ongi dagoela jakin".
Herritar gehienek hipotekak eskatzen dituzte etxebizitzak erosteko, eta, beraz, "mailegua ematea zailagoa bada, horrek eragina izango du".
Enpresariei eta herritarrei kreditu gutxiago ematea egozten diete bankuei. Fernandezen hitzetan, Kutxabankek ez dauka likidezia arazorik, baina "arriskuak partekatu" nahi ditu enpresariekin.