Ekonomia -
Desjabetze lanak abiatzeko
Ertzaintzak Troquenorreko 70 langile kaleratu ditu
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ustez, "Ertzaintza bidaltzen badute, herrialde honetan ez dago politika industrialik".
Erredakzioa
Ertzaintzak Sondikako Troqueleria del Norte (Troquenor ohia) enpresako 70 langile kaleratu ditu, epaileak agindutako desjabetze lanak martxan jartzeko. Langileek bi hilabete eman dituzte itxialdian.
Hiru ordu behar izan dituzte guztiak banan-banan kaleratzeko. Langileak ez dira polizien kontra oldartu, baina tentsio uneak egon dira kanpoaldean, ertzainen eta desjabetzearen kontra bildu direnen artean.
Epaileak pabiloia desjabetzeko agindu du. Sindikatuek jakinarazi dutenez, Breton familia da pabiloiaren jabea, eta 250.000 euro zor ditu, eraikinaren errentagatik. Horrekin batera, 7 milioi euro zor dizkio Eusko Jaurlaritzari, 3,6 milioi Foru Aldundiari, eta 7 milioi Gizarte Segurantzari.
"250.000 eurogatik kaleratu gaituzte, nahiz eta enpresariak hainbat milioi zor dizkion Gizarte Segurantzari eta Eusko Jaurlaritzari. Lehenengo ordaindu dezatela eta gero kaleratu gaitzatela. Haiei ez diete ordainarazten", salatu du Jesus Alberto Llona enpresa-batzordeko presidenteak.
Llonaren arabera, "tamalgarria da enpresa bateko langileak kaleratzea, nahiz eta horrek martxan jarraitzeko behar duen negozio nahikoa izan".
Langileek urtarriletik hona ez dute inolako soldatarik jaso, eta itxialdian egon dira maiatzaren 6tik aurrera. Kaleratzeko lehenengo saiakera egun hartan geldiarazi zuten.
Hala ere, bigarren aldiz atzeratzeko asti legalik ez dagoenez, polizia autonomikoa segizio judizialarekin bertaratu da desjabetzea burutzeko.
Kaleratzeak, banan-banan
Behin pabiloiaren barrualdean, ertzainek langileak bilatu dituzte, bulegoetan eta makina artean ezkutatuta zeudelako.
"Banan-banan hartu gaituzte. Prentsatik igo dira gure bila, eta eurek esan dutena egin dugu. Aldageletara eraman gaituzte, eta, bertan 10 minutu igaro ostean, kanpora eraman gaituzte", azaldu du langileetako batek.
Langileak banan-banan ateratzen hiru ordu eman ondoren, ertzainek 13:30ean atera dute azken langilea. Ondoren, segizio judiziala fabrikara sartu da, eta sarraila aldatu dute.
Politika industriala Ertzaintza bidaltzean oinarritzen den edo ez galdetu du ELAk
Troqueleria del Norteren langileen kaleratzeen harira, Adolfo Muñoz, "Txiki", ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzari bere politika industriala zein den azaltzeko eskatu dio. Izan ere, bere ustetan, "Ertzaintza bidaltzea bada, herrialde honetan ez dago politika industrialik".
Prentsaurreko batean, "Txiki" Muñozek "euren lanpostuak defendatzen duten langileen duintasuna" goraipatu du.
ELAko idazkariak esan duenez, Troqueleria del Norte enpresak "etorkizuna du", baina konkurtso-prozesuan dago, "enpresa dagoen egoerara bideratu dutenek euren ondasunik ez galtzeko".
Muñozek Eusko Jaurlaritzari "enpresa egoera txarrera bideratu duten arduradunak" zigortzeko eta "egoera zail honi irtenbidea" emateko eskatu dio.