Ekonomia -
Gipuzkoa
Metalgintzako greba 'jarraipen zabala' izaten ari da, LABen arabera
Metalgintzako langileen % 65ek grebarekin bat egin dutela esan du LABek. Adegiren esanetan, berriz, lanuztearen jarraipena "ez da % 15era iritsi".
Erredakzioa
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek metalaren sektorean Gipuzkoan gaurko deitu duten greba orokorra "jarraipen zabala" izaten ari dela adierazi du LAB sindikatuak ohar batean.
Emandako datuen arabera, langileen % 65ek egin du bat lanuztearekin, eta grebaren eragina enpresa txiki zein handietan eta eskualde guztietan nabarmena dela adierazi du sindikatuak.
"Industriaguneetan ikusi ahal izan dugun bezala, datuak joan den astelehenekoen oso antzekoak dira, % 60 eta % 65 arteko jarraipena izaten ari da", ziurtatu dute.
LABek jarraipenaren balorazio "positiboa" egin du, bi hilabeteren buruan, lau eguneko grebaren ostean, "presio eta mehatxu asko tarteako, sektoreak bikain erantzun du berriro", azpimarratu dute.
LABen iritziz, "puntu beltz" bakarra, ELAren deialdi propioak sindikatuen artean eragin duen zatiketa da. "Sektorea erabat geldiaraztea oztopatu du" eta "Adegi babesten eta sektoreari eta langileei kalte egiten ari da", nabarmendu dute.
Adegi: "jarraipena ez da % 15era iritsi"
Adegik, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, metalaren sektorean LABek, CCOOk eta UGTk aste honetarako deitu duten bigarren lanuzte orokorraren jarraipena, ez dela % 15era iritsi azpimarratu du. Joan den astelehenean lanuzteak babes handixeagoa jaso zuela adierazi dute ohar batean, % 20koa izan zela nabarmendu dute.
Patronalak azpimarratu duenez, "enpresa asko daude asteleheneko grebarekin bat egin zutenak eta gaur babestu ez dutenak".