Ekonomia -
Ontziolen etorkizuna
Lehendakaria Joaquin Almuniarekin bilduko da asteazkenean, Bruselan
Bestalde, euskal ontzioletako enpresa-batzordeek "hausnarketa egitea" eskatu diote Almuniari, "laguntzak itzuli behar izateak ondorio latzak ekarriko dituelako".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Joaquin Almunia Lehiakortasunerako Europako komisarioarekin bilduko da asteazken honetan Bruselan, ontziolei emandako laguntza fiskalen harira sortutako afera aztertzeko.
Jose Manuel Soria Industria ministroa, Galiziako eta Asturiasko presidenteak eta ontzigintzako patronala izango diren ordezkaritzarekin joango da Bruselara Urkullu lehendakaria.
Joaquín Almuniak laguntza fiskalak itzultzearen aldeko apustua egin du eta hori saihestu nahi dute asteazkeneko batzarrean.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu duenez, auzi honetan "berdintasun printzipioa" ezartzeko eskatuko dio lehendakariak Almuniari.
Urkulluk Alemaniak edo Frantziak izan zuten tratu bera eskatuko du euskal ontziolentzat, herrialde horiek ez baitzituzten laguntzak itzuli behar izan.
Hausnarketa eskatu diote enpresa batzordeek Almuniari
Bestalde, La Naval, Murueta eta Zamaconako ontzioletako enpresa-batzordeak Sestaoko alkatearekin bildu dira goizean. Batzarraren ostean agerraldia egin dute eta Joaquin Almuniari gogoetako egiteko eskatu diote.
"Sozialista eta bizkaitarra den heinean, hausnarketa egin behar du, diru-laguntzak itzuli behar izateak ondorio latzak ekarriko baitizkigu", azpimarratu dute.
Horrez gain, bihar Bruselan izango den ordezkaritzan sindikatuek ere euren tokia behar dutela adierazi dute.