Ekonomia -
Azken Gobernu bilera
2013ko Aurrekontuak luzatzea erabaki du Kataluniak
Horrez gain, Kataluniak epaitegira joko du, Espainiako Gobernuak ezarritako defizitaren banaketa salatzeko. "Legez kanpokoa da", esan du Artur Mas presidenteak.
Erredakzioa
Kataluniako Gobernuak iazko Aurrekontuak luzatzea erabaki du gaur, Gobernu bilerak egin duen azkenengo bileran. Artur Mas presidenteak iragarri duenez, Generalitateak ez ditu aurtengo aurrekontuak egingo eta iazkoak luzatuko ditu.
Horrez gain, Kataluniako Gobernuak epaitegira joko du, Kataluniari ezarritako defizita salatzeko. Artur Masen hitzetan, "legez kanpokoa" da Espainako Gobernuak Kataluniari ezarritako defizita. Udako oporrak hasi aurretik egin duten azkenengo bileran, Kataluniako Gobernuko kideek defizitaren banaketaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki dute.
Artur Masek azaldu duenez, Gobernuarekin hainbat bilera egin ditu defizitaren inguruan akordioa lortzeko helburuarekin. Izan ere, Kataluniak % 1,8ko defizit-muga ezartzeko eskatu zion Gobernuari, Aurrekontuak egin ahal izateko. Azkenean % 1,58koa izatea erabaki zuen Madrilek eta, horrenbestez, Kataluniako Gobernuak aurrekontuak luzatzea erabaki du.
Kataluniako presidentearen hitzetan, % 1,8ko eskaintzarekin euren “malgutasuna” erakutsi nahi izan zioten Rajoyren Exekutiboari.