Ekonomia -

Lehenengoz

Babes ofizialeko etxeen alokairuaren eskaera, salerosketaren gainetik

Etxebideko espedienteen % 54 alokairuaren aldekoak dira; orain arte, aldiz, eskatzaileen gehiengoak erosketa nahiago zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoaren ondorioz, euskal herritarren lehentasunak babes ofizialeko etxeei dagokienez aldatu egin dira, eta, lehenengoz, alokatzeko etxeak eskuratzeko eskarien kopurua erosteko eskariena baino handiagoa da.

Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak jakitera eman duenez, Etxebideko espedienteen % 54 alokairuaren aldekoak dira, orain arte, aldiz, eskatzaileen gehiengoak erosketa nahiago zuen.

Aldaketa hau askoz ere nabarmenagoa da Araban, (eskatzaileen % 81,5ek nahiago du alokairua), eta Bizkaian (% 53), baina Gipuzkoan gehienek erosketaren alde egiten jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzak maiatzean kanpaina informatibo bat jarri zuen martxan, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuko 80.000 erabiltzaileei arautegian aldaketak izan direla jakinarazteko. Horietako bat honako hau da: urtarriletik aurrera etxebizitza bat eskatzen dutenek erosketa edo alokairua aukeratu behar dute, baina ez biak, orain arte hori egiteko aukera bazuten ere.

Aldaketa horiek egiteko epea amaituta, Etxebidek 19.154 eskaera jaso ditu espedienteak aldatzeko, hau da, 84.780tik % 23k aldaketa eskatu dute, 2012ko abendura arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea