Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

LABek 'botere ekonomikoak' udazkenean 'erasora' joko duela salatu du

Sindikatuak CEOEk lanaldi osoko kontratuak partzialak izatera pasatzeko eta Europako Batzordeak soldatak jaisteko egindako proposamenak kritikatu ditu.

LAB sindikatuak Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB
LAB sindikatuak Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB
LAB sindikatuak Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABek "botere ekonomikoa" datorren udazkenerako langileen aurka prestatzen ari den "erasoa" salatu du eta, ondorioz,"erantzuteko beharra piztu " eta "mobilizazioak" izango direla iragarri du.

Eraso horien artean, CEOEk lanaldi osoko kontratuak partzialak izatera pasatzeko Gobernuari egin dion proposamena aipatu du sindikatuak."Baldintza okerragoko kontratuen bidez, ordu kopuru bera eman beharko dira lanean, eta enpresarientzat askoz ere merkeagoa izango da", esan du LABek. Horrez gain, Europako Batzordeak proposatutako soldaten jaitsierak "patronalaren diru-goseak mugarik ez duela erakusten du".

"Hasiera batean elite politikoa ados ez egoteak ez du garrantzirik. Dena aldez aurretik egindako gidoi bat da. Patronalak botere politikoari presioa egiten dion 'lobby' baten modura jokatzen du, eta aginduak nork ematen dituen ikusiko dugu beste behin"; esan du sindikatuak.

Hori dela eta, "Madrileko Gobernuak patronalak erabakitakoa egingo du, eta Gasteizkoak eta Iruñekoak aginduak bete eta adierazpen epelak egingo dituzte, lan erreformarekin egin duten bezala".

"Euskal langileek argi utzi dute ez daudela horrelako egoera bat onartzeko prest eta borrokan jarraituko dutela. Gatazka gehiago sortu dira, eta udazken honetan are gehiago izango dira. Orain prestatzen ari diren moduko erasoek, etsipena eragin baino, erantzuteko beharra pizten dute", gaineratu du.

CCOO

Bestalde, Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkari nagusiaren hitzetan, CEOEren proposamenak "enpleguaren prekarietatea eta enpresaburuen aldebakarreko erabakiak sendotu" nahi ditu.

Proposamenak "enplegua hondatu, soldatak murriztu eta enpresaburuen erabakitzeko boterea areagotu" nahi dituela adierazi du Sordok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa LAB albisteak Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa CCOO albisteak Antonio Garamendi