Ekonomia -
Greba mugagabea
Nanuk enpresako langileek greba mugagabea hasi dute
Elorrioko enpresako langileek kaleratutako langile bat berriz hartzea eta lan erreformarengandik 'babestuko' dituen akordioa eskatzen dute.
Elorrioko Nanuk garraio enpresako langileen erdiak greba mugagabea hasi du. Kaleratatutako langile bat berriz hartzea eta hitzarmenean lan erreforma ez ezartzea eskatzen dute. Elorrion Eroskik duen egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzean bi ordainsari zor dizkietela eta %4ko soldata jaitsiera ezarri dietela ere salatu dute.
Javier Barrado Arnaiz enpresa batzordeko buruak adierazi duenez, greba honen bidez bizi duten segurtasun eta berdintasun ezari amaiera eman nahi diote. Gainera, joan den ostiralean kaleratutako langilea berriz ere hartzea eskatu diote enpresari. Langilea 'lanik ez zegoelako' kaleratu zuten, nahiz eta sindikatuek dioten kaleratze horren helburua gainerako langileak 'beldurtzea' izan dela.
Ordainsariak ordaindu ez izana eta soldata jaitsiera ezarri izana ere salatu du batzordeak. 'Guri kendu diguten diruarekin 12 kamioi berri erosi dituzte', gaineratu du. Ordezkariek ditoenez, 'enpresaren urteko kontuek ez dute arazo ekonomikorik erakusten'.
Akordio batera heltzeko borondatea agertu dute langile ordezkariek eta Nanukeko zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela esan dute. 'Abuztu hasieran proposamena luzatu genion zuzendaritzari, eta ordutik ez dugu berririk izan', salatu dute.
Batzordeak langile guztiei eragingo dien akordioa sinatu nahi duela adierazi du. 'Soldata, ordainsariak, Espainiako lan erreformarengandik babestuko gaituen hitzarmena eta akordioak irauten duen bitartean lana bermatzea' eskatu dute.