Ekonomia -

Zerga-ituna

Ortuzar:'Anbizio handiko zerga-ituna erdietsi dugu'

Alderdi Popularra eta Bildu zerga-itunera batuko direla eta euren 'ekarpenak’ egingo dituztela ziur agertu da buruzagi jeltzalea.

andoni ortuzar
andoni ortuzar
andoni ortuzar

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak PSErekin ixtear duten duten zerga-itunaz hitz egin du, EFEri eskainitako elkarrizketan. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, ‘anbizio handiko akordioa da, zehaztasun handikoa eta legegintzaldi osoa aurreikusten duena; 2014tik 2016rako neurriak jasotzen dituena’. Litekeena da aste honetan bertan sinatzea. Alderdien exekutibek astelehenean bertan onartu dezakete, eta horren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Patxi Lopezek sinatuko dute.

Akordioan jasotako neurrien ‘sakontasuna eta funtsa’ nabarmendu ditu Ortuzarrek. Bere hitzetan, ‘egonkortasuna, lasaitasuna eta krisiari aurre egiteko indarra’ ekarriko dizkio itunak Euskadiri.

Adostu dituzten neurriak legegintzaldi osora zabalduko direla aurreratu du. Dena dela, hainbat itun  datorren urtean indarrean sartuko direla azpimarratu du. ‘Epe luzerako akordio zabalak ixteko gai izan gara, eta, beraz, epe motzera ere lortzeko gai izango gara, Jaurlaritzako Aurrekontuetan, adibidez’ .

Zergei dagokienez, 'garrantzitsuena eta funtsezkoena’ hitzartu dutela esan du EBBko buruak.  Besteak beste, ekonomia berpizteko neurriak, langabeziari aurre egiteko plana eta ongizate estatuari eusteko akordioak lortu dituztela aurreratu du.  Gauzak horrela, akordio horiek ‘2014ko aurrekontuetan isla izatea’ logikoena litzakeela esan du, Jaurlaritzaren aurrekontuetan beste hainbat gai jaso arren. Krisia gainditzeko ahaleginean sei mila milioi euro pasatxo bideratzea aurreikusten da itun horretan.

Lopezen kritikak Urkulluri

Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak, joan den asteartean, EAJri, eta bereziki, Iñigo Urkulluri, egindako kritikei 'garrantzia kendu’ die Ortuzarrek. Bere esanetan,  alderdi bakoitzak  ‘egoerak eta gertakariak modu jakin batean helarazten dizkio gizarteari eta publikoari’, eta horren baitan kokatu ditu Lopezen kritikak. ‘ Alde batetik negoziazioa dago, eta beste aldetik negozioaren plazaratzea. Alderdi bakoitzak neurtu behar ditu bi alde horiek, pausu bakoitza noiz eman. Guk negoziatzea nahiago dugu, publikoki hitz egitea baino’. Halaber,  Lopezek Urkulluri esandakoak ‘bidegabeak izan arren, joku politikoan’ sartzen direla esan du buruzagi jeltzaleak.

Bestalde, Alderdi Popularra eta Bildu zerga-itunera batuko direla eta euren'‘ekarpenak’ egingo dituztela ziur agertu da Ortuzar. Alderdi Popularrak orain arte proposatutako neurri fiskalak ez direla ‘errealak’ esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Andoni Ortuzar bideoak EAE albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Zerga politika gaur Euskadiko PP bideoak EH Bildu