Ekonomia -
Kontrol saioa
'Erantzukizunez' eta 'leialtasunez' jokatzeko eskatu dio Rajoyk Masi
Espainiako Gobernuko presidenteak 'Barcenas auzia'ren gainean duen bertsioari eutsi dio, eta ez duela ezer berririk esateko gaineratu du.
Erredakzioa
Kataluniako aldarrikapenei irtenbidea emateko irekitako negoziazioan, erantzukizunez eta leialtasunez jokatzeko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Artur Mas Kataluniako presidenteari, eta arazoei konponbidea bilatzeko instrumenturik onena elkarrizketa dela nabarmendu du beste behin, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Diputatuen Kongresuko kontrol saioan.
Diada egunean Katalunia zeharkatu zuen gizakatearen ondoren Katalunian zer egiteko asmoa duen galdetu dio Pere Macias CiUk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Rajoyri.
Erantzuna eskutitzez Artur Masi bidali diola adierazi du Rajoyk: "Bertan nire jarrera nahiko argi azaltzen dut".
Barcenas auziaz esandakoari eutsi dio Rajoyk
Abuztuaren 1ean Barcenas auziaz Diputatuen Kongresuan esandakoari eutsi dio Mariano Rajoyk: "Ez daukat ezer berririk esateko". Diputatuen Kongresuan gezurra esaten duenak dimisioa aurkeztu behar duen galdetu dio Rosa Diez UPyDko bozeramaileak, baina Rajoyk ez dio galderari erantzun.
Erreformak etorkizuneko pentsioak bermatuko dituela adierazi du Rajoyk
Espainiako Gobernua prestatzen ari den pentsio sistemaren erreformaren helburua etorkizuneko pentsioak bermatzea da, Mariano Rajoy presidentearen arabera.
Espainiako presidenteak ukatu egin du PPren Gobernuak pentsioak izoztu izana. Rosa Diez UPyDko bozeramaileak hainbat alorretan "gezurrak" esatea egotzi dio Rajoyri, eta prestazioak ez zituela ukituko agindu zuela gogoratu dio.
Pentsiodunen erosteko ahalmenari eutsiko ziola eta pentsioak ez zituela ukituko, eta, are gehiago, handitu egingo zituela agindu zuen Rajoyk, Rosa Diezen esanetan.
"Informazioa ezkutatzeko hainbat tranpa egin baditu ere, pentsioen erreformarekin pentsiodunek urtez urte erosteko ahalmena galduko dute", adierazi du Rosa Diezek.
Nietzsche filosofoa parafraseatuz gaineratu duenez, "arduratzen nauena ez da gezurra esan didazula, aurrerantzean ezingo dizudala sinetsi baizik".