Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaibuseko negoziazioak astelehenean jarraituko du
Sindikatuek eta Foru Aldundiko ordezkariek gaur izan duten bilera akordiorik gabe amaitu da. Hala ere, Aldundiak "asko aurreratu" dela onartu du.
Erredakzioa
Bizkaibuseko sindikatuek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek gaur izan duten bilera akordiorik gabe amaitu da eta datorren astelehenean izango du jarraipena. Dena dela, Aldundiak adierazi duenez, "asko aurreratu da".
Datorren bilera astelehenean izango da, greba deialdi berri baten bezperan. Izan ere, akordiorik ezean, asteartean 24 orduko greba egingo dute Bizkaibuseko langileek. Bilera horretan gaur aurkeztutako proposamenari erantzuna eman beharko diote sindikatuek.
Bizkaibuseko zerbitzuan enplegua eta egungo lan-baldintzak mantentzea eskatzen diote ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO sindikatuek Bizkaiko Foru Aldundiari.
Gaur izandako bileran proposamen berri bat helarazi die Aldundiak ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO sindikatuetako ordezkariei. Aldundiko iturriak aipatuz EFE agentziak jakitera eman duenez, gaurko bileran "asko aurreratu da". "Sindikatuetako ordezkariek ere aurrerapenak onartu dituzte", adierazi dute.
Iturri berdinek azpimarratu dutenez, dokumentua langileen artean zabaltzeko eskatu zaie zentralei, langileek ere eskura izan dezaten. "Grebek ez diote inori mesede egiten", gaineratu dute.
Sindikatuek Efe agentziari esan diotenez, asteburuan aztertuko dute proposamena eta astelehenean emango dute horren inguruko erabakia. Hala ere, LAB sindikatuak Aldundiak Bizkaibuseko zerbitzua hobetzeko konpromisorik ez duela azpimarratu du eta egindako proposamenak joan den astelehenean aurkeztutako baino "okerragoa" dela esan du.
LABen aburuz, Aldundiak ez du langileen subrogazioren, lanpostuak mantentzearen eta Bizkaibuseko zerbitzua hobetzearen inguruan konpromisorik hartzen. "Arazo juridikoetan oinarritzen da akordio horiek ez lortzeko", adierazi du. "Ez dira arazo juridikoak ordea, zerbitzua hobetzeko borondate politiko eza da", gaineratu du. Sindikatuaren aburuz, Aldundiak aurkeztutako azken proposamena "ez da nahikoa".
Erantzunaren zain, 24 orduko beste 16 greba jardunaldi iragarri dituzte Bizkaibusen.