Ekonomia -

Radio Euskadi

PP zerga itunera batzeko aukera badagoela esan du Semperrek

PPko buruzagiaren hitzetan, azken egunotan, hiru alderdiok  hainbat dokumentu trukatu dituzte eta popularren proposamenak aintzat hartu.

Borja Semper
Borja Semper
Borja Semper

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Borja  Semper Alderdi Popularrak Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan duenez, aukerak egon badaude EAJrekin eta PSE-EErekin akordio fiskala erdiesteko. Jeltzaleek eta sozialistek  PPri helarazi dioten azken proposamenean hainbat aldaketa  jaso dituztela eta horrek akordioa ahalbidetu dezakeela esan du Semperrek. "Besteak beste, gazteen kontratazio bultzatzeko laguntzak sartu  dituzte itunean", zehaztu du.

Azken egunotan, hiru alderdiok  hainbat dokumentu eta proposamen trukatu dituztela jakinarazi du buruzagi popularrak. PPk defendatzen dituen irizpide fiskalak aintzat hartu dituztela eta popularren zenbait proposamen dokumentuan jasota daudela zehaztu du. "Badirudi akordiorako aukera badagoela eta hiru alderdiok ados jar gaitezkeela", gaineratu du.

Radio Euskadiko goizeko tertulia  politikoan egin ditu adierazpenok Semperrek. Bertan parte hartu du, baita ere, Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak.  EAJko buruzagiak ere akordiorako aukerak ikusten ditu. Batzar Nagusietan popularrekin adostasuna lortuko dutelakoan dago Egibar, eta EH-Bilduk ere akordioaren zati bat babestu dezakeela uste du.

Txarli Prieto PSE-EEko idazkari nagusiak ere popularrekin akordioa bideragarria ikusten du. "Akordioaren oinarriari eutsi egingo diogu, hasierako dokumentua ez dugu, inolaz ere, goitik behera aldatu", esan du.

Julen Arzuaga EH-Bilduko legebiltzarkideak, berriz, erabat baztertu du EAJk eta PSEk itxitako akordiora batzea.  Itun fiskal honek justizia soziala ez duela bermatzen  esan du.  "Justizia soziala bermatzea ez da lehentasuna akordio honetan. Zerga-bilketa zabaltzea izan da euren ardura nagusia", zehaztu du.

Gizarteak adostasunak eskatzea guztiz ulergarria dela esan du, baina akordioen edukiari erreparatzea ezinbestekoa dela esan du. Elkarlanerako borondatea egon arren, edukiak onargarriak ez direnean, akordioak ez direla posible adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Araba Ekonomia albisteak PSE-EE berriak PP Bizkaia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Zerga politika gaur