Ekonomia -
Iberdrola
Galan: 'Argia % 5 jaitsiko litzateke eguzki-energia albo batera utziz'
Iberdrolako presidenteak adierazi duenez, termosolarrik eta fotovoltaikorik gabe ere egin dezake aurrera sistemak, "energiaren % 5 soilik" sortzen baitute.
Erredakzioa
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak adierazi du argiaren prezioa "% 10 edo gehiago" jaitsiko litzatekeela eguzki-energiaren ekoizpena bertan behera utziz gero.
Valentziako Cortes de Pallaseko Cortes-La Muela konplexu hidraulikoaren inaugurazioan, Sanchez Galanek azaldu du "Espainiako termosolar guztiek baino energia gehiago" produzitzen duela konplexu horrek. "Hau bezalako instalaziorik ez balego, Espainia erdia argirik gabe gelditu, itzali egingo litzateke".
Termosolarrek eta fotovoltaikoek, diru-laguntzetan, urtean 5.000 milioi euroko kostua dakartela azpimarratu du Galanek, "baina energiaren % 5 soilik produzitzen dute". "Sistemak % 5 hori gabe ere funtzionatu dezake, eta urtero 5.000 milioi euro aurreztuko genituzke", zehaztu du.
Iberdrolako presidentearen iritziz, Gobernuak badu astirik "sistemaren akatsak" zuzentzeko, besteak beste, argindarraren fakturaren % 50k ez duelako "inongo loturarik" ekoizpenarekin eta banaketarekin.
"Kontraesana dago. Ekonomikoki eta, kasu batzuetan, ingurumenarekin eraginkorrak ez diren zentral batzuk (termosolarrak) mantentzeagatik, eraginkorrak diren zentralek ez dute tokirik, eta merkatutik irten behar izaten dute", adierazi du Galanek.
Horren hitzetan, "inaugurazio honek erakusten du enpresa handiok geure herrian konfiantza dugula, eta Espainia aukerak eskaintzen dituen herrialdea dela".
Galanen aburuz, Gobernua "gauza asko ongi egiten ari da, beharrezko eta zentzuzko erreformak" eginez esaterako, eta horri esker, posible da ekonomiaren norabidea aldatzea, Lehiakortasun Kontseiluak otsailean aipatu zuen moduan.
ACSren desinbertsioaren inguruan, Iberdrolak "merkatukoez gain, ez du ez areriorik ez aurkaririk", azaldu du Galanek, eta akziodun guztiak "ongietorriak" direla gaineratu du.