Ekonomia -
Desjabetzea
Kaleratzeak Stop elkarteak Kutxabank auzitara eraman du
Elkartearen aburuz, Tolosako etxebizitza baten gaineko maileguaren HMEI Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea "gehiegizkoa" da.
Erredakzioa
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteak auzitara eraman du Kutxabank. Donostiako epaitegi batean salaketa jarri du kutxa horren kontra, eta Tolosako etxebizitza baten gaineko hipotekari jarritako HMEI Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea kentzeko eskatu du. Elkartearen aburuz, klausula hori "gehiegizkoa" da.
Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatuek Juan Miguel Goyaren izenean jarri dute salaketa. Horien iritzian, "nahikoa argudio" dituzte epaileak arrazoia eman eta klausula bertan behera uzteko.
Abokatuek adierazi dutenez, Miguel Goyaren kasua herritar askok bizi dutenaren antzekoa da. Maileguaren eskrituretan jasotzen denez, HMEI hori desagertuz gero, Euriborra gehi % 1eko interesa ezarriko zaio maileguari. Horrela, hilean ordaindu beharreko kopurua txikiagoa izango litzateke. 900 euro ordaindu beharrean, 650 euro ordainduko lituzke.
Ortizek adierazi duenez, kutxek ezartzen duten indize horren interes maila % 4 inguruan dago. Egun, Euriborra inoiz baino baxuago izanda, Euriborra gehi puntu bat ezarriko balitz, % 2,5 gutxiago ordaindu beharko litzateke. "Horrek eragin handia du familia askok hilero ordaindu beharreko diru-kopuruan".
HMEI Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea "dagoeneko ez da erabiltzen", Erauskinen arabera, baina, hainbat "moratoria" direla eta, datorren azaroaren bata bitartean aplikatzen jarraitzen dute.