Ekonomia -
Euskal industria
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna euskal industria laguntzea da
"Instituzioak eta eragile ekonomiko guztiak bat gatoz gaur industria babestea beharrezkoa dela esaterakoan", nabarmendu du Iñigo Urkulluk.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren lehentasunetako bat euskal industria babestea da, Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera. Azaldu duenez, instituzioak eta eragile ekonomikoak guztiak bat etorri dira elkarlanean industria sektoreari laguntzeko.
Urkullu lehendakariak Abadiñoko Gestamp Bizkaia lantegia bisitatu du, izan ere, autoentzako metaliko multzoak egiten dituen enpresak 25 urte bete ditu.
Ekitaldi horretan lehendakariaren alboan izan dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua.
Krisi ekonomikoak mobilizazio efektua izan du, eta eragileek ulertu dute beharrezkoa dela euskal industria babestea, lehendakariaren esanetan. "Garai zailetan, beharrezkoa da gure herrialdearen etorkizun hobearen alde lanean ari direnek gizarte osoaren babesa eta laguntza jasotzea", gaineratu du.
"Gaur ixten den industria berriz irekitzea oso zaila da. Hori dela eta, instituzioek eta eragile ekonomikoak bat egin dugu eta guztiok uste dugu beharrezkoa dela industria babestea", azaldu du.
Egungo krisi ekonomiko larria dela eta atsekabetuta hitz egin du lehendakariak, euskal industriari eta familiei "zailtasun handiak eragin dizkielako".
Urkulluk Gestamp enpresa egoerei aurre hartzeko eta erantzuteko gai izan dela nabarmendu du. Izan ere, bere sorreratik krisi ekonomikoak gainditzeko eta aurrera egiteko gai izan da. "Horrek erakusten du euskal industria eredua eraginkorra dela eta horrek aterako gaituela krisitik", Urkulluren arabera.
60 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta diru gehiena Gestamp Bizkaia enpresak jarri du Mercedesek Gasteizen egingo duen furgoneta berriaren hainbat pieza egiteko.
Mercedesek furgoneta berri bat merkaturatuko du 2014ko udaberrian eta furgoneta horiek Mercedeseko Gasteizko lantegian egingo dituzte. 2023. urtera bitartean 125.000 furgoneta berri egingo dituzte