Ekonomia -

Krisia Fagorren

MCCk ez dio Fagor lagunduko, proiektua bideragarria ez dela uste baitu

Mondragon Taldeak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, "finantziazioak ez luke Fagorren etorkizuna bermatuko".

Fagorreko behargin bat ontzi garbigailu bate egiten
Fagorreko behargin bat ontzi garbigailu bate egiten
MCCk Fagorri diru-laguntza gehiago ez ematea erabaki du

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnak kooperatibak aurkeztutako bideragarritasun plana aurrera eraman ahal izateko diru gehiago ez duela jarriko iragarri du Mondragon Taldeak; izan ere, "finantziazioak ez luke Fagorren etorkizuna bermatuko", horren iritzian

Mondragon Taldeak adierazi duenez, Fagorrek aurkeztutako proiektuak "ez ditu merkatuaren beharrak betetzen".

Korporazioaren Kontseilu Orokorrak "ez du bideragarri ikusten" Fagorrek aurkeztutako proposamena, eta proiektua merkatuaren beharretara ez dela egokitzen uste du "aho batez". Horrek eskatzen dituen baliabide finantziarioek ez luketela enpresaren etorkizuna bermatuko gaineratu du.

300 milioiko laguntza

Taldeak gogoratu du azken urteetan 300 milioi euro bideratu dituela Fagorrera gainerako kooperatiben laguntzen bitartez.

Oharrean jasotzen denez, Mondragon Taldea kooperatiba independente eta autonomo batzuek osatzen duten elkarte bat da, eta elkartasuna bultzatzeko hainbat mekanismo ditu. "Korporazioak bere kooperatiba guztien interesak defendatzen ditu, baina negozioen kudeaketaren erantzukizuna kooperatiba bakoitzaren esku dago". Fagorren egoerak gainerako kooperatibei ez diela eragiten azaldu dute oharrean, "Mondragon Taldea ez delako enpresa holding bat, erakunde independente eta autonomoen elkarte bat baizik".

Beharrezko elkartasun mekanismo guztiak abiaraziko dituela esan du Taldeak, Fagor Etxetresnak kooperatibaren egoerak enplegu askotan izango duen eragina ahalik eta gehien murrizteko.

Negozio berrien sustapena

Kontseilu Orokorrak jarduera sustatzailea areagotuko duela azpimarratu du, eta epe laburrera lan-proposamen bat osatzeko konpromisoa duela adierazi du. Ohiko bideetatik zein bide berezietatik, "negozio berrien sustapenari lotutako eragile korporatibo guztiak aktibatzeko" lan egingo duela gaineratu du.

Oharraren amaieran, Mondragon Korporazioak eredu kooperatiboaren aldeko apustua berretsi du. "Kooperatibismoaren berezko balioak etorkizuneko enpresak kudeatzeko giltzarriak dira gaur inoiz baino gehiago, egoera ekonomikoa aurkakoa izan arren eta egoera horrek edozein enpresa erakunderi arazoak eragin arren".

Taldeak hartutako erabakiak hartzekodunen lehiaketara bideratuko du Arrasateko kooperatiba, arratsaldeko lehen orduan Kontseilu Errektoreak eta Kontseilu Sozialak argitaratu duten oharrean adierazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Edessa etxetresna elektrikoak Mondragon korporazioa Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Enpresen albisteak