Ekonomia -
Protestak
ELAk eta LABek lanuzteak deitu dituzte Lanbiden lanpostuen galeragatik
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Lanpostuen Zerrendak "200 lanposturen galera" ekarriko duela adierazi dute sindikatuek, eta lanuzteak deitu dituzte biharko eta hilaren 11rako.
Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek ordubeteko lanuztea deitu dute Lanbiden biharko, eta egun osokoa hilaren 11rako. Haien ustez, Eusko Jaurlaritzak proposatutako Lanpostuen Zerrendak "200 lanposturen galera" ekarriko du, eta horren aurkako protestak egingo dituzte, Gainera, "presio neurriak" hartzea ez dutela baztertzen iragarri dute.
Sindikatuetako buruek Bilbon emandako prentsaurrekoan, "enplegu politika aktiboen kudeaketa lortu eta Euskal Enplegu Zerbitzua sortu eta hiru urtera", Eusko Jaurlaritzak erakunde autonomoentzat proposatu duen Lanpostuen Zerrenda "guztiz itxia" dela salatu dute, eta, onartuz gero, "egungo langileetatik 200ek lanpostua galdu" egingo luketela.
Gainera, "beste hainbat langile ezinbestean lekuz aldatu eta gehiengoaren baldintzak okertu" egingo liratekeela azpimarratu dute, eta langile berriak, "inondik ere, gutxiegi" izango liratekeela.
Hori dela eta, proposamena alde batera uztea eta negoziazioei ekitea eskatu dute: "erakutsi diguten zirriborroaren edukia ez da erabilgarria oinarri gisa". Zentzu horretan, Jaurlaritzak "hiritarrei zerbitzu egokia eskaintzeko plaza kopuru urriegia duen Lanpostuen Zerrenda" finkatu nahi duela salatu dute sindikatuek. Horrek, gainera, "guztiz beharrezkoak diren 200 langile kaleratzea" dakarrela azaldu dute, "kontratuaren amaiera dela justifikatuz, dudarik gabe bidegabea dena".
Proposamen berri horrek "langileen gehiengoari soldata jaistea" planteatzen duela salatu dute sindikatuek, baita "onartezinak diren baldintzen arabera, langile askoren lekualdaketa" ere. Gainera, "inongo prozedura legalik jarraitu gabe, funtzio, soldata, lanpostu eta kategoria aldaketak" egin nahi dituztela adierazi dute.
"Erabat zorrotza"
Gobernuak proposamena bertan behera uzteari ezetza eman ostean, bi sindikatuek mobilizazioak deitzea erabaki dute, "onartu nahi dituzten neurrien larritasuna kontuan izanik, langileen iritzia kontuan hartzeko modu bakarra" dela uste baitute.
Bihar, ordubeteko lanuztea egingo dute Lanbiden, eta hilaren 11n, egun osoko greba.
"Negoziazio prozesua modu erabat zorrotzean" abiatuko dutela iragarri dute, eta ez dutela albo batera uzten "presio neurriak" hartzea, Gobernuak ez badu bere planteamendua aldatzen eta langileen batzordeak babesa ematen badio.