Ekonomia -

ELA sindikatuaren agerraldia

Gizarteari mezu baikorrak helaraztea "arinkeria" dela uste du Muñozek

ELA sindikatuko idazkari orokorraren aburuz, ez dago arrazoirik mezu horiek justifikatzeko, eta politikak "jendea ezjakintasunean mantendu" nahi duela adierazi du, "iritzia osatzeko daturik gabe".

Adolfo Muñoz, ELAko idazkari nagusia, gaurko agerraldian, Bilbon. EFE
Adolfo Muñoz
Adolfo Muñoz, ELAko idazkari nagusia, gaurko agerraldian, Bilbon. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sektore politikoek ekonomia berreskuratzearen inguruan gizarteari mezu baikorrak helaraztea "arinkeria" dela uste du ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek. "Ez dago justifikatzeko arrazoirik".

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Muñozek Bilbon, EAEko eta Nafarroako lan egoera baloratzeko, eta Julene Gabiola eta Mikel Zabaleta sindikatuko Azterketa Bulegoko kideek gaiaren inguruko datuak bildu dituzte. Muñozek gogorarazi du mundu ekonomikoaren eta politikoaren "oinarrizko estrategia" dela gizarteari euren neurriengan "konfiantza" transmititzea eta neurri horiek kritikatzeko edota mobilizazio sozialik antolatzeko "arrazoirik" ez dagoela sinestaraztea.

ELA sindikatuko idazkari orokorrak uste du politikarien zati handi batek "jendea ezjakintasunean mantendu" nahi duela, "gertatzen ari denaren inguruan iritzia osatzeko daturik" izan ez dezan eta botere politikoa irabazle irten dadin.

Muñozek adierazi du politikak gizarteari mezu baikorrak helarazten dizkiola, "inongo arrazoirik gabe". "Arinkeria izugarria da", zehaztu du idazkariak. "Krisitik ateratzen ari garela esaten dute, eta gu hortik nola irten behar dugun pentsatzen ari gara".

"Gobernu guztiak" eta patronalak krisiaren irteerari "estaldura" emateaz "pozik" daudela azpimarratu du, eta horren "instrumentalizazioa" kritikatu du, babes sozialerako sistema eta orain arteko lan eskubideak "bertan behera uzteko xantaia" dela esanez.

Ildo beretik, ELAko buruak zehaztu du enplegua ez dela "lehentasuna" ez Gobernuarentzat, ezta patronalarentzat ere. Langabezia "diziplina ezartzeko erabiltzen den instrumentua" dela uste du Muñozek, "aurrera eraman nahi dituzten erreformak" onartzeko. "Beldurra sortzeko eta mobilizaziorik ez eragiteko arma izugarria da", gehitu du.

Gainera, EAEk, Nafarroak eta Espainiak aurkeztu dituzten aurrekontuek "lanpostuak suntsitu" egiten dituztela salatu du, "inposatzen dituzten marjina estuak" onartu behar izaten baitituzte.

"Muntaia"

Muñozen aburuz, kapitalak planteatzen duen interesari muntaia batekin eskaintzen diote lankidetza. "Soldatak barnetik debaluatzea da lehentasuna, atzerrian lehiatzeko baldintza hobeak izateko". ELAren ustez, apustu hori "porrota" da. "Beti egongo da norbait kostuak guk baino gehiago jaisteko prest".

"Inoiz amaitzen ez den bidea da", adierazi du Muñozek, eta horren ondorioa "gizartearen pobretze orokortua" dela gehitu du.

ELAko idazkari orokorrak euskal finantzen sektorearen egoerari ere heldu dio, eta Kutxabankek "krisiari egindako ekarpena" izan du hizpide. "Krediturik ez ematea" egotzi dio bankuari, eta azken bi urteetan "5.800 lanpostutatik 790 suntsitu" dituela leporatu dio.

"Lehentasuna zorrarekin espekulatzea dela eta ez kredituak ematea erabakitzen dutenak espekulazio hori onartzen duten pertsona berberak dira", salatu du, eta lehentasuna zorra ordaintzea dela gehitu du. "Beste guztia bigarren mailakoa da".

Lanbide greban

Greba egin dute gaur Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek, Eusko Jaurlaritzak proposatutako Lanpostuen Zerrendarekin ustez galduko dituen 200 lanpostuen aurka. Muñozek Juan Maria Aburto Enplegu sailburuaren hitzak kritikatu ditu, ELAren ustez, lanpostu horien galera ezkutatzeko, langabeziak "behera" egin duela esan baitu.

"Argudio harrigarriagoak topa daitezke, baina zaila da hain urrun iristea", aipatu du Muñozek, sektore publikoak eta gobernuek "euren arloan lanpostuak suntsitu" egiten dituztela erakutsi nahian.

ELAk gaur eskainitako datuen arabera, EAEn eta Nafarroan, 1.069.000 pertsona zeuden lanean urteko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 16.100 gutxiago. Aurreko urtearekin alderatuta, 47.400 lanpostu gutxiago galdu dira EAEn eta Nafarroan, ELAren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea