Ekonomia -
Urriko KPI datuak
KPIk % 0,6 egin du gora EAEn eta % 0,2 Nafarroan, urrian
Espainian, berriz, prezioak % 0,1 jaitsi dira, azken lau urteetan lehen aldiz.
Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) igo egin da urrian Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, % 0,6 eta % 0,2, hurrenez hurren, iraileko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak asteazken honetan argitaratutako datuen arabera.
2013ko lehen hamar hilabeteetan, % 0,4 igo dira prezioak EAEn, eta urtebeteko tasa ere lau hamarren hazi da.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoa da urtebeteko inflazio handiena duen eskualdea (% 2,3), Bizkaiaren (% 2,2) eta Arabaren (% 1,9) aurretik. 2012ko urriko datuekin alderatuta, inflazioa % 0,1 igo da Araban, % 0,3 Bizkaian eta % 0,5 Gipuzkoan. Bestalde, irailetik % 0,9 igo dira prezioak Bizkaian eta % 0,7 Gipuzkoan.
Nafarroan, urtebeteko tasa % 0,5 jaitsi da, eta hazkundea negatiboa izan da azken lau urteetan lehen aldiz.
Kontsumorako Prezioen Indizea % 0,6 jaitsi da Nafarroan 2013an; Espainian jaitsiera handienetakoa izan duen lurraldeetako bat da.
Espainiako datuak
Espainiako Estatistika Institutuak berretsi duenez, urrian, azken lau urteetan lehen aldiz, urtebeteko inflazioak hamarren bateko hazkunde negatiboa izan du. Espainiako Gobernuak ez du deflazioaz hitz egin nahi, ez baitu uste urriko datuak jarraipenik izango duenik.
Iraileko datuekin alderatuta (% 0,3), inflazioa % 0,4 jaitsi da.