Ekonomia -
Lan gatazka
Jarraipen ia erabatekoa izan du Bilboko TAOko lanuzteak
Lan-hitzarmena negoziatzea galdegin dute langileek. Salatu dutenez, gainera, "funtzio berriak" ipini eta "lan karga handitu" diete.
Erredakzioa
Bilbon TAO zerbitzua eskaintzen duten langile ia gehienek bat egin dute gaurko deitutako lau ordu eta erdiko lanuztearekin, sindikatuek jakinarazi dutenez. Lan-hitzarmena negoziatzeko protestan ari dira beharginok, eta joan den ostiralean egindakoaren ondotik, bigarrenez egin dute lanuztea. Geldialdia 09:00etan hasi da eta 13:30 arte izango da indarrean.
Enpresa-batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, jarraipena "ia erabatekoa" da, eta enpresak bereari eusten badio, azaroaren 22an eta 28an ere lanuzteak egingo dituztela iragarri dute.
Ostiralean bezala, langileok manifestazioa egin dute Bilboko kaleetatik barrena
Negoziazio prozesuan Bilboko Udalaren esku sartzea eskatu dute langileek. Era berean, sindikatuekin ezer negoziatu barik, "funtzio berriak" ipini eta "lan-karga handitu" dietela salatu dute.