Ekonomia -

1.100 enpresa desagertu dira aurten EAEn, Confebasken arabera

1.600 autonomo inguruk galdu dute lana 2013an. Enpresen suntsipen erritmoak % 2,3 egin du behera, baina, Confebasken aburuz, oraindik ere "oso garrantzitsua" da.

Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentea.
Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentea.
Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.100 enpresa eta 1.592 autonomo desagertu dira EAEn, 2013ko urtarriletik urrira bitartean. 2012ko datuak hobetu egin dira, baina, hala ere, beherakada "oso garrantzitsua" dela jakinarazi du gaur Confebask patronalak.

Enpresen erakundeak esan duenez, 2008ko maiatzean krisia hasi zenetik, 7.367 enpresa (% 11,3) eta 17.542 autonomo (% 9,2) galdu dira.

Urrian, Euskal Autonomia Erkidegoko 188 enpresak Gizarte Segurantzan izena eman dutela azpimarratu du Confebaskek, bigarren hilabetez jarraian gora egin duela esanez.

2012ko urrian jasandako beherakadari aurre egiten dio datu horrek, baina urteko balantzea negatiboa da hala ere, 1.100 enpresa desagertu baitira urtarriletik urrira bitartean.

Enpresen suntsipen erritmoak behera egin du urrian, urtetik urterako % 2,3an kokatuz (irailean % 3an gelditu zen). Horrek apirilean hasitako beherako bideari jarraipena ematen dio, 2012ko urritik 2013ko hilabete berera bitartean 1.374 enpresa galdu diren arren.

Autonomoei dagokienez, urtetik urterako narriadura lau hamarren jaitsi da urrian, % 0,8raino. 2008ko abendutik izan den jaitsierarik txikiena da.

Urtarriletik irailera bitartean, 435 hartzekodunen lehiaketaren berri izan du Confebaskek, 2012ko lehen bederatzi hilabeteetan baino gehiago (378). Igoera hori moderatuagoa da 2012an izandakoa baino, iaz % 44 igo baitzen.

Urrian 765 autonomo berri erregistratu ziren, iazko hilabete berean baino gehiago (94). Hala eta guztiz ere, urtarriletik urrira bitartean 1.592 autonomo desagertu dira.

Euskal patronalak azpimarratu duenez, enpresek eta autonomoek gora egin duten arren, beherakada "oso garrantzitsua" da oraindik ere. Hori dela eta, "lehentasunezkoa izaten jarraitzen du enpresen biziraupena eta lehiakortasuna bermatzea, estimulatzeko eta babesteko neurri berriak hartuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Confebask bideoak EAE Enpresen albisteak