Ekonomia -

2014ko Aurrekontuak

Jaurlaritzak eta PPk gastu arrunta murriztea adostu dute

Bi aldeek akordioa sinatu dute astearte honetan, PP Aurrekontuen bozketan abstenitzeko.

PPk eta Jaurlaritzak kontuen gaineko akordioa itxi dute

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta PPk akordioa sinatu dute astearte honetan, 'popularrek' 2014. urteko Aurrekontuak onartzea ez galarazteko.

Hain zuzen ere, PP abstenitu egingo da bozketan, eta ez ditu EH Bilduk eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketak babestuko. Gainera, Aurrekontuen mamia "itxuraldatzen duen edozein zuzenketa" babesteari ere uko egin dio.

Trukean, Jaurlaritzak gastu arrunta murrizteko konpromiso orokorra hartu du, eta noizbehinka plan estrategikoen berri emango die 'popularrei'.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak eta Anton Damborenea EAEko PPk Ekonomia arloetan duen bozeramaileak sinatu dute akordioa, gaur goizean.

Besteak beste, Sustatzaileen Jarduerak Babesteko Plana, Industrializazio Plana eta Landa Garapenerako 2014-2016 Programa aipatzen ditu akordioak.

Oro har, Jaurlaritzak gastuak diru-sarrerei egokitzea onartu du, "Espainiako Gobernuak ezarritako defizit eta zor helburuak betetzeko".

Horren ildotik, Gasteizko Gobernuak lege bat diseinatuko du, "egonkortasuna eta iraunkortasuna" Europar Batasunaren araudietara moldatzeko.

Joan den astean, Jaurlaritzak PSE-EErekin ere sinatu zuen akordioa, 25,4 milioi euroko zuzenketak adostuta, Aurrekontuak onartu ahal izateko.

Bestalde, EH Bilduk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte.

Gatzagaetxebarria: "Ez dago loturarik"

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua pozik azaldu da akordioagatik, eta ezeztu egin du ordainean EAJk aurrekontu arabarrak babestuko dituztenik.

Gainera, sozialistekin eta PPrekin lortutako itunekin kontraesanik ez dagoela uste du; izan ere, zenbait puntutan "bat datoz", esan du.

Jaurlaritzaren ordezkariaren esanetan, "Euskadik Aurrekontu Orokorrak izatea ahalbidetzea da helburua", eta, esan duenez, horrek "egonkortasuna izatea ekarriko du ekonomian eta erakundeetan, eta eragile politiko, ekonomiko eta sozialek positibotzat jotzen dute".

PPk "behatu" egingo ditu Aurrekontuak

Bere aldetik, Jaurlaritzak Aurrekontuak gauzatzeko modua "behatu" egingo dutela ohartarazi du Damboreneak, Espainiako Gobernuaren defizit helburuak bete daitezen.

"Gastu arrunta murriztuz, enplegua sortzeko eta ekonomia sustatzeko funtsak lortuko ditugu", adierazi du.

PPko buruak aitortu egin du akordioak ez duela kopuru zehatzak aipatzen, baina sei hilabetean behin "benetan aurrezten ari ote garen" aztertuko dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea