Ekonomia -
Krisia
Kiderreko langileek protesta egin dute, erantzun baten zain
Enpresa eskuratu nahi duen inbertitzailearen asmoak ezagutu nahi dituzte langileek. Amurrioko eta Barakaldoko lantegietan 1.000 langiletik gora ditu Kiderrek.
Erredakzioa
Kider S.A. konpainiako langileek protesta egin dute gaur Barakaldon, Caixabankeko bulegoaren aurrean. Lecertura familia eta Caixabank dira gaur egun Kider enpresaren akziodunak, baina litekeena da enpresa inbertitzaile berri baten esku geratzea. Amurrioko eta Barakaldoko lantegietan banatuta, 1.000 langiletik gora ditu Kiderrek.
Altzariak ekoizten dituen Kider S.A. enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago uztailetik. Enpresako jabeek enplegu erregulazioko iraungipen espedientea aurkeztekotan izan ziren, eta horri erantzunez, ESK, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek osatutako Enpresa Batzordeak enplegua erregulatzeko etete espedientea eskatu zuen.
ELAren esanetan, "ustezko inbertitzailea azaltzeko, eta haren planak ezagutzeko denbora bat emateko" eskatu zuten enplegua erregulatzeko etete espedientea. Dena den, aipatutako sindikatuak argi utzi du, ez dakitela nor den enpresa erosteko interesa duen inbertitzailea.
Hori dela eta, langileak erantzun bati itxaroten daudela nabarmendu du ELAk. "Hain zuen ere, inbertitzailea azaltzeko eta enpresa batzordearekin biltzeko zain gaude, bere asmoak ezagutu nahi ditugu eta", azaldu dute.