Ekonomia -
Dimisioa
Finantza eta Zerga zuzendariak dimisioa aurkeztu du
Luis Jonesek adierazi duenez, "erabaki hau ez da Ogasun Ikuskaritzaren inolako esku-sartzearen edota politikaren ondorio izan".
Erredakzioa
Luis Jones Zerga eta Finantza Ikuskaritzako zuzendariak dimisioa aurkeztu du. “Erabaki hau ez da Ogasun Ikuskaritzaren inolako esku-sartzearen edota politikaren ondorio izan”, nabarmendu du.
Zuzendari ohiak prentsa oharra helarazi du arratsaldean. Bertan, erabakiaren arrazoiak eman ditu ezagutzera. Azaldu duenez, dimisioak ez du “zerikusirik Zerga Agentziak espediente zehatz batean edo kasu zehatz batean izandako jarrerarekin”.
“Azken hilabeteetan Santiago Menendez Zerga Agentziako zuzendari nagusiarekin izandako desadostasunen ondorio da erabakia. AEATko Finantza eta Zerga arloan izan diren izendapen eta kargu kentzeekin du lotura erabakiak”, azpimarratu du.
Jonesen aburuz, zuzendaritzaren ekintza horiek “ikuskaritzaren erabakiekin zuzeneko lotura dute”.
Komunikabideetan agertu diren informazioei erantzuteko asmoaz kaleratu du Jonesek prentsa oharra.
Noos auziaren baitan, Kristina infantaren egoera fiskalaren inguruan sortu den eztabaida eta gero heldu da dimisioa. Zerga Agentziako zuzendariak gaia itxi nahi izan zuen atzo, eta zergadun guztiek tratamendu “berdina” jasotzen dutela esan zuen.
Joan den astean, AEATk Cemex multinazionalaren errekurtsoaren ikuskatzailea kargutik kendu zuen.
Honekin guztiarekin lotuta, Cristobal Montoro Ogasun ministroak Zerga Agentzian ez dela esku-hartze politikorik egon esan du, ez orain, ez eta lehen ere.