Ekonomia -
2014ko Aurrekontuak
Nafarroako Gobernua, Aurrekontu gabe bigarren urtez
PSNk osoko zuzenketa iragarri du. PPNk baino ez ditu babestuko Foru Gobernuaren Aurrekontuak.
Erredakzioa
PSNk osoko zuzenketa jarriko du Nafarroako Gobernuaren Aurrekontu proiektuaren aurka, eta, ondorioz, Yolanda Barcinaren Exekutiboak iazkoak luzatu egin beharko ditu segur aski. Horrenbestez, bigarrenez geratuko da Foru Gobernua Aurrekontu gabe.
Nafarroako sozialistek Lurralde Batzordean erabaki dute osoko zuzenketa aurkeztea, botoen % 95,3rekin. Izan ere, iaz Hezkuntzan, Osasunean eta zerbitzu sozialetan ezarritako murrizketei "eutsi" egin dietela argudiatu dute.
PSNren esanetan, UPNk eta PPk "irtenbide bakarra murrizketak direla uste dute", eta krisiaz baliatzen ari dira "ongizate estatua eta herritarren eskubideak ahultzeko".
"Barcinaren Gobernuak interesik gabe egin ditu Aurrekontuak, iazkoak luzatu egin beharko dituela onartuta", deitoratu du.
Sozialisten aburuz, "hau ez da Nafarroak behar duen proiektua; txarto eginda dago, errealitatetik urrun".
PPNk baino ez ditu babestuko UPNren Gobernuak prestatutako Aurrekontuak.