Ekonomia -
Lan gatazka
Lanbiden egun osoko lanuztea deitu dute gaurko
ELAk eta LABek deitu dute greba, Jaurlaritzak Lanbiderako duen lan plangintza salatzeko.
Erredakzioa
Egun osoko lanuztea deitu dute ELA eta LAB sindikatuek, gaurko, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetan. Protestarekin, Eusko Jaurlaritzak Lanbiderako duen lan plangintza salatuko dute. Sindikatuok jakinarazi dutenez, Lanbideren negoziazio mahaia biltzeko deirik egin gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, "inolako azalpenik eman gabe". Agindutako negoziazio egutegirik ere ez omen die aurkeztu Gasteizko Gobernuak.
Funtzio Publikoko langileen ordezkariek eta Lanbideko arduradunek egin dituzten bileretan, lanpostuen inguruko planaren aurrean Jaurlaritzak erakutsi duen "jarrera itxia" ere salatu dute sindikatuek.
Gaurko lanuztearekin bat egiteko deia egin diete gainerako sindikatuei ELAk eta LABek, "denok batera, EAJren Gobernuari erantzun sendo bat" emateko. "Beste presiobide bat izango da biharko lanuztea. Jakin badakigu gure mobilizazioek eragin handia dutela. Beraz, ahalegin horretan jarraituko dugu, Funtzio Publikoak eta Lanbidek euren jarrerak goitik behera alda ditzaten", esan dute sindikatuek.
Azaroan ere hainbat protesta egin zituzten Lanbideko langileek, ELAk eta LABek deituta. Azaroaren 11n, esaterako, egun osoko lanuztea egin zuten, eta langileen % 70ek egin zuen bat grebarekin, sindikatuen arabera.