Ekonomia -
2014ko Aurrekontuak
Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bildu eta UPyDren osoko zuzenketak
EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren egitasmoa itzultzearen aurka bozkatu dute. EH Bildu eta UPyD oposizioko taldeek proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduk eta UPyDk 2014ko Aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak. Horrenbestez, hilaren 20an onartuko dituzte.
Aurreikusita zegoen moduan, EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren egitasmoa itzultzearen aurka bozkatu dute. EH Bildu eta UPyD oposizioko taldeek proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak aztertu dituzte gaur Legebiltzarrean. Aurkeztutako 1.200 zuzenketa partzialak aztertzea izango da hurrengo urratsa. Azkenik, hilaren 20an, bilkura berezia egingo dute horiek onartzeko.
Laura Mintegi (EH Bildu) Urkulluren Gobernuak egindako proposamenaren aurka agertu da, Espainiako Gobernuak eta "kapitalak hitzez hitz diktatutako proiektua" dela argudiatuz. Koalizioak bere proposamenak aurkeztu ditu, tartean funtzionarioei soldata % 5 igotzea edota Kutxabanki enpresei laguntzeko 600 milioi euro bideratzea eskatuz.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide bakarrak Aurrekontuek "murrizketak eta doikuntzak" bermatuko dituztela salatu du, eta horien oinarrian egitasmo "abertzalea" dagoela kritikatu du. Joseba Egibar EAJko bozeramaileak eredu "alternatibo" bat ez aurkeztea leporatu dio EH Bildu koalizioari, eta Mintegiren taldeak egindako ekarpen batzuei "seriotasun falta" egotzi die. UPyDren kasuan, Josune Gorospe jeltzaleak iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko eta alor publikoa berrantolatzeko neurriak aurreikusi dituztela azpimarratu du Maneiroren kritikei erantzunez.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea pozik agertu da EAJrekin lortutako akordioagatik. Pastorren hitzetan, egitasmoak Gobernuaren "zuzenketa" erakusten du. Hala ere, PSE-EEren jarrera ez dela "txeke zuri bat" ohartarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Anton Danborenea PPko kideak esan du agintean baleude popularrek ez luketela proiektu hori aurkeztuko, baina "errealistak" direla gaineratu du PPren abstentzioa azaltzeko.