Ekonomia -

2014-ko aurrekontuak

Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNren Aurrekontuak

PSNk, Bilduk, Aralarrek, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik bat egin dute Nafarroako Gobernuaren proposamena atzera botatzeko. 2012ko Aurrekontua luzatu beharko du berriro Yolanda Barcinak.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Artxiboko irudia
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Artxiboko irudia
Nafarroako aurrekontuak atzera bota dituzte, bigarren aldiz

0:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu Foru Gobernuak 2014rako aurkeztutako Aurrekontu egitasmoa. PSNk, Bilduk, Aralarrek, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik bat egin dute eta osoko zuzenketa aurkeztu diote proposamenari. UPNk eta PPNk soilik babestu dute Nafarroako Gobernuaren proiektua.

Hori dela eta, Foru Gobernuak berriro luzatu beharko ditu 2012ko Aurrekontuak. Egitasmo hark 3.711 milioi euro aurreikusten ditu, 2014koak baino 45 milioi gutxiago.

Lourdes Goicoechea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak babestu du gaurko osoko bilkuran UPNren Aurrekontu proposamena. "2014rako proiektuak oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea bilatzen du, belaunaldi berrien etorkizuna hipotekatu gabe", esan du.

Oposizioaren jarrera ere kritikatu du: "Gastua handitzea eskatzen digute urtero, baina ez dute kontuan hartzen muga non dagoen. Betiko diskurtsoa da, edukirik gabekoa. Gure proiektua, berriz, errealista da".

Goicoechearen esanetan, 2014a urte "zaila" izango da, makroekonomiak hobera egingo duen arren, "herritarrek eta enpresek susperraldi hori igartzeko denbora behar delako".

Txentxo Jimenez (Aralar-NaBai) parlamentariaren ustez, aipatu proiektuak aurrera ez egiteko erantzukizuna ez da oposizioarena: "Ardura Gobernuarena da, Parlamentu honen gehiengoak onartzeko proposamen bat egiteko gai izan ez delako".

Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentari ez esleituak kritikatu egin du Nafarroako Gobernuaren proiektua, "sektore pribatuari" zuzenduta dagoela eta, ondorioz, "sektore publikoa baztertuta" geratzen dela iritzita.

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako parlamentariaren arabera, "Nafarroako Gobernuak ez digu errealistak izatea eskatzen, Nafarroako Gobernuak gure etsipena nahi du". Nuinek nabarmendu egin du Yolanda Barcinaren agintaldian 10.000 langabe gehiago daudela Nafarroan.

Maiorga Ramirezen (Bildu) hitzetan, Foru Gobernuak "azkarregi eta inolako konbentzimendurik gabe egin ditu Aurrekontuak, Nafarroako gizarteari eta Parlamentuari adarra jota".

Roberto Jimenezek (PSN) "biktima" gisa aurkezteko joera albo batean uzteko eskatu dio UPNri. "Bakarrik bazaudete, zuek hala nahi izan duzuelako da; sozialistekin hitzartutakoari traizioa egin zenioten eta orain zilegi ez den Gobernuari eusten duzue", nabarmendu du.

Enrique Martin Nafarroako PPren bozeramaileak, berriz, Foru Gobernuaren Aurrekontuak babestu ditu, "egoera politiko, ekonomiko eta sozialari erantzuten diolako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan Ekonomia albisteak EH Bildu Araba Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Aurrekontuak 2024