Ekonomia -

Gipuzkoako Aurrekontuak 2014

Gipuzkoako aurrekontu proiektua Gobernuari itzultzea eragotzi du EAJk

Batzar Nagusiek atzera bota dituzte PSE-EEk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak. Bildu eta EAJ negoziatzen ari dira, eta jeltzaleek krisiari aurre egiteko beste 15 milioi gehitzea eskatzen dute.

Martin Garitanok eta Helena Francok aurrekontu proiektua aurkeztu zutenekoa. Argazkia: EFE
Martin Garitanok eta Helena Francok aurrekontu proiektua aurkeztu zutenekoa. Argazkia: EFE
Olano: 'Era arduratsu batean jokatzea erabaki dugu'

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dituzte PSE-EEk eta PPk 2014ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Gaurko bozketan, Bilduko batzarkideek kontra bozkatu dute eta EAJkoek, berriz, abstentziora jo dute. EAJren abstentzioari esker, beraz, Aurrekontuek gaurko tramitea gainditu dute eta onartu aurreko bidea egingo dute.

PSE-EEk eta PPk aurrekontu proiektua itzultzearen alde bozkatu dute. Horien esanetan, proiektuak ez du krisiari aurre egiteko eta enplegua sortzeko balioko.

758 milioi euroko diru poltsa izango du Diputazioak, 2013an baino % 3 gehiago. Halaber, Aurrekontuaren ia erdia gizarte politikara bideratuko da.

Batzar Nagusietako osoko bilkuran Martin Garitano ahaldun nagusiak aurrekontu proiektua babestu du, eta bizi dugun garai zailari erantzuten diola adierazi du. Horren esanetan, Aurrekontuaren % 48,7 gizarte politikara bideratuko da "Gipuzkoako familien bideragarritasuna zaintzeko eta babesteko". Sozialistei eta popularrei asmo txarrez jokatzea egotzi die Aurrekontuaren % 48,7 gizarte politikara bideratuta ere, kontra agertzeagatik.

Rafaela Romero PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak salatu duenez, aurrekontu proiektua oso mugatua da krisiari aurre egin ahal izateko. Horren iritziz, Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektua "oso pobrea" da eta "Gipuzkoako ehun ekonomiko eta soziala indartzeko eta enplegua sortzeko oso balio gutxi du".

Bestalde, "gipuzkoarrentzat toxikoak diren Aurrekontuak" atzera botatzeko eskatu du Juan Carlos Cano PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak. Azaldu duenez, aurrekontu proiektu horrek ez die gipuzkoarren beharrei erantzuten. Canok ezberdinen arteko adostasunak lortzeko borondatea agertu du, eta Araban eta Bizkaian erdietsitako akordioak jarri ditu adibide gisa.

EAJrekin negoziazioak

Markel Olano jeltzaleak EAJk abstentziora jotzeko izan dituen arrazoiak azaldu ditu. Horren esanetan, arduraz jokatzea erabaki dute eta keinu aipagarria izan dela gaineratu du. Bildu eta EAJ negoziatzen ari dira, eta jeltzaleek krisiari aurre egiteko beste 15 milioi gehitzea eskatzen dute. Olanok azaldu duenez, Diputazioak proposamen horri aurre egin diezaioke eta arduraz jokatzeko eskatu dio Garitanori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea