Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Mobilizazioak deitu dituzte pentsioen erreformaren aurka
Espainiako Gobernuak onartuko duen pentsioen erreformak Euskadin eta Nafarroan izango dituen ondorioak “orekatzeko” eskatuko dute sindikatuek eta gizarte erakundeek protesta-ekintzetan
Erredakzioa
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT-LKN sindikatuek eta hainbat gizarte erakundek bilkurak egingo dituzten abenduaren 18an Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako parlamentuaren aurrean. Espainiako Gobernuak onartuko duen pentsioen erreformak Euskadin eta Nafarroan izango dituen ondorioak “orekatzeko” eskatuko dute protesta-ekintzetan.
Sindikatuek eta 50 gizarte erakundek osatzen dute Gune plataforma eta Bilbon aurkeztu dituzte deitutako mobilizazioak, Datorren astean egingo dituzte protesta-bilkurak, Gobernuak erreforma onartzea aurreikusten den astean.
Euskadirentzat eta Nafarroarentzat pentsio “duinak” bermatuko dituen eredu propioa eta publikoa eskatu dute.
Azaldu dutenez, erreformaren ondorioz erosteko ahalmena galduko dute pentsiodunek. Horrek guztiak sortuko dituen ondorio ekonomikoak “orekatzeko” osagarriak onartzeko eskatu diete Euskadiko eta Nafarroako erakundeei.
Bea Martxueta LAB sindikatuko ordezkariak bi gobernuek erreformaren aurrean “isilik egotea” deitoratu du. Martxuetaren aburuz, orain arte egindako erreforma gogorrena da datorren astean onartuko dena.
Eusko Jaurlaritzari “beste alde batera ez begiratzeko” eskatuko dio LABeko ordezkariak, eta “pentsioen txirotasunari erantzuna” emateko. Pentsio sistema propioa osatzeko “konfrontazio” estrategia hasteko ere eskatu du.
ELA sindikatuko Mikel Novalen aburuz, “erabaki politiko baten ondorioz, antolatutako lapurreta egiten ari dira”. “Milioika euro ematen zaizkie banketxeei, eta pentsioetarako dirurik ez dagoela diote”, esan du.
“Gutxiengo bati errekurtso publikoak ematen zaizkio eta herritarren gehiengoari kendu egiten zaizkio”, gaineratu du.