Ekonomia -
Gipuzkoako aurrekontuak
Bilduk eta EAJk krisiaren aurkako partidak txertatu dituzte
Akordioarekin aurrekontu proiektuak azken-aurreko izapidea gainditu du. Jeltzaleak abstenitu egin dira, eta Bilduk eta Aralarrek babestu egin dute Ogasun Batzordearen txostena.
Erredakzioa
Iragan ostiralean aurrekontuaren inguruan lortutako akordioa gauzatu dute gaur Bilduk eta EAJk. Krisiari aurre egiteko partidak 30 bat transakzio-zuzenketaren bidez txertatu dituzte proiektuan; guztira, 15 milioi euro.
Aurrekontu proiektuak azken-aurreko izapidea gainditu du horrela. Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dute Ogasun Batzordearen txostena; PPk eta PSE-EEk, berriz, kontrako botoa eman dute.
Espero zen bidea egin du Batzordeak; izan ere, Bilduk, EAJk eta Aralarrek 30 zuzenketak babestu dituzte. Horrela, akordioa behin betiko berretsi dute gaur.
Aurrekontuetara 10 milioi euroko funts bat eraman dute zuzenean zuzenketek, ekonomia suspertzeko programatan gauzatzeko. Gainerako 5 milioi euroak 2013ko ekitalditik aterako den soberakinetik lortuko dituzte, Aldundiak hala erabakitzen baldin badu.
Bilduk eta EAJk beraien zuzenketak onartu dituzte. PSE-EEren eta PPren zuzenketak, ostera, atzera bota dituzte guztiak. Horregatik, bi alderdi horiek kontrako botoa eman dute. Testua abenduaren 23an onartuko dute Batzar Nagusiek.