Ekonomia -
Argindarraren igoera
Unesa: 'Enkanteak agerian utzi du energiaren erreformaren porrota'
Espainiako industria elektrikoaren patronalak Soria ministroa gogor kritikatu du eta akusazio larriak leporatu dizkio, salneurriak manipulatu zituztela esatearren.
Erredakzioa
Unesa Espainiako Industria Elektrikoaren Elkarteak gogor kritikatu du Jose Manuel Soria Industria ministroa, akusazio "larriak" leporatu dizkio, salneurriak manipulatu zituztela esatearren. Halaber, erreforma elektrikoaren porrota eta "euren akatsak" enpresa eta kontsumitzaileek ordainaraztea egotzi diote.
Argindarra ekoizten duten enpresen patronalak, ohar baten bidez, "erabat arbuiatu" dute Soriak horien kontra egindako akusazioak, alegia, CESURen enkatean legez kanpo jardun direla esan zuen ministroak.
Soriaren esanetan, "argi dago manipulatu egin dutela salneurrietan eragiteko" eta "enpresa horien agintariak oso kezkatuta daude".
Unesaren ustez, adierazpen horrek "esan nahi duena da argindarra ekoizten duten enpresek enkante batean eragin dutela, enkantean duten ordezkaritza % 10koa denean, operazio gehienak finantza entitateek eta energiaren nazioarteko bitartekariek egiten baitute".
Kargu publiko batek egindako "akusazio oso larria da" eta, gogorarazi duenez, CNMCko ikuskatzaileek ez zuten enkantean inolako irregulartasunik antzeman eta BOEn argitaratutako ondorioetan ez du, inolaz ere, "salneurriak manipulatu direla" aipatzen eta bai, ordea, akats teknikoak izan direla.