Ekonomia -

Itxialdia

Edesako langileek enpresan itxita ospatuko dute Gabon Gaua

Basauriko fabrikan afalduko dute. Bertan itxita daude azken hile eta erdian, beraien lanpostuak mantentzeko eskatuz.

Itxialdia Edesan. Argazkia: EITB
Itxialdia Edesan. Argazkia: EITB
Itxialdia Edesan. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basauriko Edesa enpresako hainbat langilek fabrikan bertan afalduko dute gaur. Bertan, hile eta erdi daramatzate itxita, beraien lanpostuak mantentzeko eskatuz.

Edesako langileek jakinarazi dutenez, bolondres talde batek Fagor Elektrotresnaken eskumendeko enpresan afalduko du Gabon Gauean. Fabrikan txandak egiten dituzte eguneko 24 orduetan bertan egoteko eta gauean Gabonetako ohiko afaria dastatuko omen dute. Gainera, etxean afalduko duten hainbat langile afal ostean agertuko dira Edesako instalazioetan, lankideekin egoteko.

Edesako ia 200 langileek martxan jarri duten mobilizazioetako bat da itxialdi etengabea: Mondragon taldeari fabrika mantentzea eskatzen diote edota langileak kooperatibako beste enpresa batean hartzea.

Langileek adierazi dutenez, Basauriko plantako bulegoetako hiru langile soilik hartu dituzte beste enpresa batean, baina gainontzekoen kasuan, tailerretan lanean ari direnak hain zuzen ere, ez dago lanik. Halere, Fagorreko 400 kooperatibista inguru Mondragon taldeko beste enpresa batzuetan hartu dituzte eta beste 400 langilerekin "hiru edo lau hilabete" barru gauza bera gertatzea espero dute. Horrela iragarri zuen abenduaren 19an Arantza Tapia Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburuak.

Mondragon Taldea Basauriko fabrikako langileak elkarrizketatzen ari da, bakoitzaren profila ezagutu eta non birkolokatu ditzaketen aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea