Ekonomia -
Langabezia
Erkoreka: 'Datua ona da, baina oraindik 167.000 arazo dauzkagu'
"Datua ona da, ez dago zalantzarik", esan du. Erkorekaren ustez, “gehien bat” Gobernuak martxan jarritako enplegua sortzeko politika aktiboei esker lortu da hilabete honetako jaitsiera.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, abenduko langabeziaren datua “ona” den arren, Urkulluren Gobernuak konpondu beharreko “167.000 arazo ditu oraindik”.
Modu horretan, Erkoreka Euskadin lanik gabe dauden 167.000 pertsonei buruz mintzatu da: abenduan langabeziak % 4,19 behera egin zuen EAEn eta 2012ko abenduko datuekin alderatuz 1.709 pertsona gutxiago daude lanik gabe.
“Datua ona da, ez dago zalantzarik”, esan du. Erkorekaren ustez, “gehien bat” Gobernuak martxan jarritako enplegua sortzeko politika aktiboei esker lortu da hilabete honetako jaitsiera.
“Jaurlaritzak ez du zuzenean enplegua sortzen, bai ordea enpresek enplegua sortu ahal izateko baldintzak”, gogoratu du.
Datua “positiboa” den arren, Josu Erkorekak azpimarratu du oraindik 167.000 langabe daudela. Horrenbestez, Jaurlaritzak konpondu beharreko 167.000 arazo dauzkala gaineratu du. Bestalde, Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak abenduko datua “oso positiboa” dela azpimarratu du.
“Abenduan langabeziaren jaitsiera handiena izan duen erkidegoa gara. Azken hamar urteetako abendurik onena izan dugu, bai langabeziaren jaitsieran eta baita Gizarte Segurantzari dagozkion datuetan ere”, amaitu du.