Ekonomia -
Greba mugagabea
Gidari batek villavesa autobusak saboteatu izana aitortu du
Langileak barkamena eskatu du eragindako kalteengatik, eta TCC enpresak espediente berri bat zabaldu dio. Gaur, 21. greba eguna izango dute autobus gidariek.
Erredakzioa
TCC enpresako langile Patxi Goñi Martinezek aitortu du Iruñeako bederatzi autobusen txartelak ateratzeko makinen kableak moztu zituela. Autobus horiek zerbitzu minimoak betetzen ari ziren, eta enpresak kaleratze espedientea ireki zien gidariei.
Patxi Goñi Aralar alderdiko kidea eta Ansoaingo zinegotzia da, baina hori sabotajetik at uzteko eskatu du. Haren ustez, egindakoa abenduaren 16tik egiten ari diren greba mugagabearen haritik doa. Goñi TCC enpresako autobus gidaria da duela hamabost urtetik.
"Barkamena eskatzen dut" izeneko gutuna bidali dio gidariak TCC enpresako zuzendaritzari eta Iruñeako eskualdeko Mankomunitateari. Bertan, Goñiren hitzetan, "nire ekintza baten erruz, pasatu den abenduaren 24tik, bederatzi familia TCCk irekitako espedienteak jasaten ari dira, eta inork ez badu ekiditen, kaleratze bihurtuko dira".
Espedientedun bederatzi gidari horiek, Goñiren ustez, "ez ziren kontziente izan" hark bakarrik egindakoaz, eta eragindako mina "izugarri" sentitzen duela adierazi du.
Barkamena eskatzeaz gain, gidariak lankideen errugabetasuna aldarrikatzeko idatzi duela azaldu du; haren ustez, "mozketa madarikatu hark min ugari eragin du, bidegabeki".
Hori dela eta, enpresako zuzendaritzari "arrazoirik gabe familia horiei tratu txarra emateari uzteko eta inolako isunik gabe espedienteak ixteko" eta Mankomunitateari kaleratzeak ekiditeko eskatu die.
Espediente berria
TCC enpresak espediente berri bat zabaldu dio Patxi Goñi langileari, sabotajeagatik, eta "gaur bertan" zerbitzutik at utziko dutela erabaki du.
Lehenagotik, beste hamabi espediente zituen zabalik enpresak, horietatik bederatzi, sabotajeekin lotuta. Goñik bere gain hartu du erasoa, lankideak at utzita.
Adierazpen batean, TCC enpresak azaldu du "erabat harrituta" dagoela langilearen errudun aitorpenarekin. Nafarroako Gobernuak zehaztutako gutxiengo zerbitzuak betetzeaz Enpresa eta Greba Batzordea arduratzen dela adierazi du TCCk, eta ez duela ulertzen "langile batek, erantzukizuna hartu beharko duela jakinda, nola egin dezakeen horrelako eraso bat eta hamaika egunez isilpean izan".
Beste greba egun bat
Villavesetako gidariek 21. greba egunari ekin diote gaur, eta zerbitzuan aldaketak izango dira, Errege Magoen kabalgata dela eta.
Enpresak adierazpen batean azaldu duenez, zerbitzu minimoak eskaintzen dituzten autobusek "arazorik gabe" irten dute garajeetatik, eta zerbitzua "normaltasunez" betetzen ari dira. Gaur zerbitzuen % 40 eskainiko dira.
Konpainiak iragarri duenez, ez da El Sadar futbol zelaira joaten den ohiko autobus zerbitzurik egongo, ez baita gutxiengo zerbitzutzat hartzen. Osasunak Espanyolen aurka neurtuko ditu indarrak gaur.
Bestalde, 18:00etatik 21:00etara, Errege Magoen kabalgata dela eta, linea gehienek aldaketak izango dituzte Iruñea erdialdetik igarotzean.