Ekonomia -

EBZren presidente ohia

Trichet: '1929koa baino krisi okerragoa ekidin da'

Europako Banku Zentraleko presidente ohiak adierazi duenez, “banku zentralen eta Gobernuen erantzunari esker, krisi okerragoa ekidin ahal izan da”.

Jean-Claude Trichet. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Jean-Claude Trichet EFE
Jean-Claude Trichet. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidente ohiak adierazi duenez, “banku zentralen eta Gobernuen erantzunari esker, 1929ko Depresio Handia baino krisi okerragoa ekidin ahal izan da”. Hartutako neurriek izan dituzte kostu altuak onartu ditu, ordea.

Europako Parlamentuan egin dituen adierazpenetan, “oraingoa Bigarren Mundu Gerratik izan dugun krisi okerrena” dela esan du, eta “testuinguru horretan ebaluatu behar da troikak egindako lana”.

“Depresio handia ekidin dugu, baina atzeraldi handia ezin izan dugu ekidin, eta noski, ekonomia aurreratu guztiek prezio altua ordaindu behar izan dute”, onartu du Trichetek.

Krisiak izan duen eboluzioa aztergai izan du Europako Banku Zentraleko presidente ohiak eta moneta bakarreko bazkideak kritikatu ditu, batez ere “handiak”, ez baitute Europako Egonkortasun Ituna modu egokian ezarri.

“Alemania eta Frantziak krisia hasi baino lehen behin baino gehiagotan urratu zuten herrialde batek metatu dezakeen defizit publikoa BPGaren %3ra mugatzen duen neurria. Hori ez zen eredu egokia izan, beste herrialde batzuk gehiegizko defizita metatu baitzuten, Portugal edo Greziak esaterako”, adierazi du.

Espainia eta Irlanda ere hizpide izan ditu. “Bi herrialde horiek muga errespetatu zuten, baina metatutako lehiakortasuna galdu zuten eta higiezinen burbuilak izan zituzten”, azpimarratu du.

Merkatuetan zegoen tentsioa baretzeko asmoz 2011ko udan Frankfurtek Espainiako eta Italiako zorra erosi izana defendatu du. “Hori horrela izan ez balitz, egungo egoera erabat ezberdina izango zen”, gaineratu du.

Trichetek ukatu egin du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiarekin neurri horren truke neurri berriak hartzeko “negoziatu” izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea