Ekonomia -
Batzar Nagusiak
Gipuzkoako oposizioak atzera bota du bidesarien plana
Gipuzkoako Aldundiak ahalmen handiko errepideetan kamioiei bidesariak jartzeko asmoa zuen.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioak (EAJ, PSE-EE eta PP) atzera bota du ahalmen handiko errepideetan kamioiei bidesariak ezartzeko Aldundiak aurkeztutako plana.
Saio berean, jeltzaleek, sozialistek eta popularrek itun fiskala ere onartu dute.
Bilduren planak hainbat errepidetan (A-15, N-121, N-1 eta GI-632) garraiolariei bidesariak kobratzea aurreikusten zuen, hesirik gabeko arku sistema baten bidez, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Larraitz Ugarte Aldundiko Errepide Azpiegituren diputatuak azaldu duenez, "azpiegiturak modu basatian eraiki izanak" ekarri ditu Gipuzkoako errepideen finantziazio arazoak.
Testuinguru horretan, Foru Gobernua "erantzukizunez" aritu dela eta "proposamen integrala" aurkeztu duela azaldu du.
Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideak "akordioak lortzeko gaitasun falta" egotzi dio Aldundiari, eta gertatutakoa Bildurentzat "porrot bat" dela esan du.
Iñigo Manrique PPko ordezkariaren esanetan, gipuzkoarrek "diskriminazio positiboa" izan beharko lukete, zergen bidez errepideon eraikuntza ordaindu dutelako.
Lore Suarez sozialistak "oposizioarekin negoziatu ez izana" eta "errepideen finantziazioaren arazoa konpontzen asmatu ez izana" leporatu dio Bilduri, eta koalizio abertzalearen proiektuaren helburua "dirua biltzea" baino ez dela deitoratu du.
Bestalde, Maite Sarasuak (Aralar) txalotu egin du Ugartek erakutsitako "ausardia", gai hau mahai gainean jartzeagatik.
Azkenik, Iban Asenjok (Bildu) "ausardia politikorik ez izatea" egotzi dio oposizioari, Batzar Nagusietara proposamenik eraman ez dutelako. Halaber, alderdi horien "helburu bakarra" Aldundia "zigortzea" dela nabarmendu du.