Ekonomia -
Ustezko iruzurra
McDonald'sek 2.200 milioi euro ezkutatu dituen ikertuko du Frantziak
Enpresak Suitzan eta Luxenburgon dituen filialetara desbideratu zuen diru-kopuru hori, ikerketaren arabera.
Erredakzioa
Frantziako Ogasunak McDonald’s otordu lasterreko enpresa ikertuko du, 2009. urtetik 2.200 milioi euro ezkutatu dituela egotzita, gaur L’Espress aldizkariak bere web orrian argitaratutakoaren arabera.
Antza, enpresak Suitzan eta Luxenburgon dituen filialetara desbideratu zuen diru-kopuru hori, ikerketaren arabera.
Frantziako Ogasunak 2009tik McDonald´s enpresak 2.200 milioi euro ezkutatu zizkion ikertuko du orain. Astekariaren arabera, BEZa eta irabazien gaineko zergak ordaindu gabe utzita, urtean 330 milioi eta 650 milioi euro artean ordaintzeari uko egin zion McDonald´sek Frantzian.
Gaur goizean Bernard Cazeneuve Ogasun ministroari gai horretaz galdetu diote elkarrizketa batean, baina ez du daturik eman nahi izan. Auzia "sekretupean" dagoela zehaztu du, eta iruzurraren aurkako borrokan "errukigabeak" izango direla adierazi du.
Astekariaren arabera, iazko urrian Frantziako McDonald´sen egoitza miatu zuen Poliziak.