Ekonomia -
Euskadin
Kontratua deuseztatzeko espediente %44 jaitsi dira EAEn 2013an
Estatuan, berriz, %10,3ko beherakada izan da. Euskadin indarrean dauden espedienteak 1.143 dira eta 14.942 laguni eragiten die
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.872 langilek zuten kontratua deuseztatzeko espediente bat 2013. urtea amaitzean, hau da, urtebete lehenago baino %44 gutxiago, 2012an 3.336 langile baitzeuden egoera horretan, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.
Estatuan, berriz, %10,3ko beherakada izan da. Euskadin indarrean dauden espedienteak 1.143 dira eta 14.942 laguni eragiten die. Espediente horietatik 715 (%63), aurreko bati jarraitzen diotenak dira.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Laneko sailburuorde Ricardo Barkalaren iritziz, "gure enpresetan lanpostuak zuzenean kentzea ez dakarten plantilla berregituratzeko prozesuak gero eta gehiago aplikatzen ari direla islatzen du ". "Enpresek urte amaieran erakutsitako datuek krisitik behin betiko baina pixkanaka ateratzen ari garela aurreikusi lezakete", Barkalaren hitzetan.
Krisia hasi zenetik, 2012 izan da espediente gehien izapidetu diren urtea, eta ondoren 2010 eta 2009, 2.026 eta 1.978 espedienterekin, hurrenez hurren.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegua erregulatzeko 207 espediente izapidetu zituen joan den abenduan, hau da, azaroan baino %20 gehiago baina 2012ko abenduan baino %14 gutxiago. Etendura espedienteak 111 izan ziren, lanaldia murriztekoak 84 eta azkentzeko espedienteak 12.
Abenduan izapidetutako 207 espedienteetatik, 152 aurreko baten jarraipena izan ziren eta 1.901 langileri eragin zieten (%82). Erregulazio espedienteek 2.312 langileri eragin zieten urteko azken hilean, aurreko hilean baino %27 gehiagori eta 2012ko abenduan baino %29 gutxiagori. Azkentzeek 127 langileri eragin zieten, azaroan baino %71 gutxiagori, alegia.
Sektoreka, lan erregulazio espedienteen kopurua bere horretan mantendu zen nekazaritzan eta eraikuntzan, jaitsi egin zen Industrian, eta pixka bat igo zen Zerbitzuetan.