Ekonomia -
Eroski ekarpenak
Epaileak gaur kaleratuko du Eroskiren menpeko ekarpenen inguruko epaia
Adicae elkarteak jarri zuen salaketa kolektiboa, eta epaiak arrazoia ematen badie, kaltetu gehiagok epaitegietara joko dutela uste du.
Erredakzioa
Marcos Bermudez Bilboko Merkataritza-arloko 1 zenbakiko epaitegiko epaileak gaur jakinaraziko du Eroskiren menpeko ekarpenen inguruko epaia. Asteartean eta asteazkenean izan zen epaiketa, eta alde guztien iritziak entzun zituen epaileak. Bankuen, Kutxen eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak (Adicae) jarritako salaketa kolektibo batek jarri zuen martxan prozesua.
Ikusmin handia sortu da epaiaren inguruan. Azken saioan, Fiskaltza BBVA inbertitzaileei dirua itzultzera kondenatzearen alde agertu zen, eta, gehiegizko klausulak izateagatik, produktu horien kontratu guztiak bertan behera utzi behar direla adierazi zuen. Bestalde, Eroski absolbitzea defendatu zuen Fiskaltzak, produktuaren inguruan egindako publizitatea ez zela nahasgarria argudiatuz.
Bide judizialera bakarka edo taldean jotzearen inguruan zalantzak dira nagusi, baina kontsumitzaile talde batzuen ustez, baliteke kaltetu gehiagok auzitara jotzea, asteleheneko epaia salaketa jarri dutenen aldekoa bada.
Manuel Pardos Adicae elkarteko presidentearen aburuz, "ehunka" kaltetu jarri dira kontaktuan elkarte horrekin, eta 68 kontsumitzailek elkarrekin salaketa kolektiboa jarri ondoren, epaiketa horren zain daude, eurak ere pausoak emateko. Efe agentziari adierazi dionez, baliteke horiek guztiek "berehala" jotzea auzitara, "dirudien moduan, sententzia kaltetuen aldekoa bada".