Ekonomia -
Estatuko datuak
35.000 familiak galdu zuten etxea 2013ko lehen sei hilabeteetan
Estatuan emandako etxebizitzen % 80, ia 30.000, kaltetutako familiaren bizileku nagusia ziren.
Erredakzioa
35.098 familiak etxea galdu zuten 2013ko lehen sei hilabeteetan, Espainiako Bankuak gaur argitaratu dituen datuen arabera. Batzuk akordio batera iritsi ziren bankuei emateko, eta beste askok epaileen erabakiz galdu zuten etxebizitza.
2012an, urte osoan 44.745 etxebizitza galdu ziren. Hori horrela, eta lehen sei hilabeteetako eboluzio negatiboa ikusita, 2013ko datuak askoz okerragoak izango direla uste da.
2013ko urtarriletik ekainera bitartean emandako 35.098 etxebizitzetatik, % 80 kaltetutako familiaren bizileku nagusia ziren, 28.170, hain zuzen. Gainontzeko 6.928 etxeak bigarren erresidentziak edo beste era batekoak ziren.
Bizileku nagusien kasuan, gehiengoa, 15.451, epailearen erabakiz bankuari eman zizkioten. 12.719, aldiz, borondatez galdu zituzten familiek, 8.856 kasutan, ordainean emanda.
Ohiko bizilekuak ez ziren 6.928 etxebizitzen kasuan, 4.116 epailearen erabakiz eskualdatu ziren; horietatik 3.846 hutsik zeuden.
Guztira, 2013ko lehen sei hilabeteetan, 19.567 etxebizitza galdu ziren epaileen erabakien ondorioz. Espainiako Bankuaren arabera, kasuen % 83,2a 2008a baino lehen emandako hipotekengatik izan zen.
Galdutako etxebizitza bakoitza familia bati dagokio Espainiako Bankuaren datuetan, baina ezin da ahaztu balitekeela familia bakar batek etxebizitza bat baino gehiago eman behar izana.