Ekonomia -
Bilbon
Patxi Lopez: 'Suspertzea dagoela esateko argudioak gezurra dira'
Lopezen aburuz, “Mariano Rajoyren Gobernuak ekonomiaren suspertzea oinarritzat hartu du murrizketak aurrera eramateko”.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak esan duenez, “ekonomiaren suspertzea dagoela esateko Gobernua erabiltzen ari den argudioak gezur handi bat dira, ez baita enplegurik sortzen eta Gizarte Segurantzako afiliazioak jaitsi egin baitira”.
Alderdi Sozialistak Bilbon antolatu duen hitzaldi sortaren barruan egin ditu adierazpen horiek Lopezek. Idazkari nagusiak Emilio Ontiveros Madrileko Unibertsitateko katedradunaren hitzaldia aurkeztu du.
Buruzagi sozialistak hizpide izan da hitzaldiaren izenburua: "Economía española. ¿Qué recuperación?". "Izenburuakberak nahika esaten du. Hori da egungo ekonomiaren inguruan eta politikaren inguruan dagoen galderetako bat”, esan du.
“Krisitik noiz aterako garen jakiteak arduratu behar gaituela esan izan ohi dut, baina nola ateratzen garen ere kontuan izan behar da”, zehaztu du.
Lopezen aburuz, “Mariano Rajoyren Gobernuak suspertzea oinarritzat hartu du murrizketen eta eskubideen mozketen politikak aurrera eramateko”.
“Langabezia jaitsi dela esan digu, arrisku prima menperatu dugula edo Espainiako banketxeen egoera ona dela. Hala ere, apur bat sakonago begiratuz gero, argudio horiek mantentzen dituen gezur handia ikus dezakegu”, nabarmendu du.
Lopezek dioenez, “langabezia jaitsi bai, baina horrek ez du esan nahi enplegua sortzen ari denik”.
“Guztiz aurkakoa. Jaitsiera horrekin batera, aktiboan dauden herritarren kopurua jaitsi egiten da, batzuk beste herrialde batzuetara baitoaz lan egitera edo lana bilatzeari uzten baitiote. Orain bi urte baino 426.000 aktibo gutxiago ditugu”, gogoratu du.
“Gizarte Segurantzako afiliazio gutxiago daude. Langabezia jaitsi da, bai, baina ez da enplegurik sortzen, edo sortzen denak kalitate okerragoa du”, amaitu du.