Ekonomia -
Ekarpen subordinatuak
La Caixa eta BBK epaitegietara eramango ditu Adicaek
Bilboko Merkataritza Arloko lehen zenbakiko epaitegiak hartutako erabakiaren ondoren, 1.000 kaltetu baino gehiagoren eskaerak jaso dituztela azaldu du Adicaek.
Erredakzioa
Adicae kontsumitzaile elkarteak Eroskiren ekarpenen inguruko ekintzak hainbat finantza etxeetara zabalduko ditu, La Caixa eta BBK horien artean. Ekintza judizialak eta ez judizialak iragarri ditu elkarteak.
Bilboko Merkataritza Arloko lehen zenbakiko epaitegiak hartutako erabakiaren ondoren, 1.000 kaltetu baino gehiagoren eskaerak jaso dituztela azaldu du Adicaek.
“Pertsona horiei arazoari konponbidea emateko informazioa eta antolaketa eskaintzen ari gara eta datozen egunetan La Caixa eta BBK erakundeen aurkako ekintzak hasiko ditugu”, adierazi du.
Ohar batean Eroski eta Kontsumobide ere kritikatu ditu kontsumitzaile elkarteak, “menpeko finantza-ekarpen horien inguruan eskaini duten trukearen arriskuak eta miseriak ezkutatu nahi izateagatik”.
Kontsumitzaileak engainatu nahi izana egotzi die Adicaek Eroski eta Kontsumobideri. “12 urteren ondoren kaltetuek euren aurrezkiak %100ean berreskuratu ahal izateko formula onartezina da, kooperatibaren zorrak bere gain hartu behar baitituzte”, azpimarratu du.
“Kaltetuentzako segurtasun-falta ekonomikoa erabatekoa da, trukean eskaintzen diren produktuak oraingoak bezain kaltegarriak edo gehiago baitira eta arriskuek hor jarraitzen baitute”, esan du.
Interesen ordainketa
Eroskik 2013 urteari dagozkion interesen ordainketa ere hizpide izan du elkarteak. 22,4 milioi euro ordaindu ditu gaur Eroskik. Dionez, “kaltetuen diruarekin urtero interesak ordaintzea ez da arrakastatsua, betebehar bat da”.
2013 urteko interesak kaltetuen diruarekin ordainduko direla azpimarratu du Adicaek. “Produktua saldu zietenean bermatu zieten, eta orain berreskuratu ezin duten, aurrezkia da”, esan du.