Ekonomia -
2014ko aurrekontuak
PPk Gasteizko aurrekontu proiektua onartu du, EAJren babesarekin
Aurrekontuak behin betiko onartzeko saioa martxoan egingo dute.
Erredakzioa
PPk Gasteizko Udalaren 2014. urterako aurrekontu proiektua onartu du gaur, EAJren babesari esker.
Gaurko saioan, 'popularrek' eta jeltzaleek bat egin dute, PSE-EEk aurkeztutako 319 zuzenketak eta EH Bilduren osoko zuzenketa errefusatzeko. Sozialistak abstenitu egin dira koalizio abertzalearen proposamenaren bozketan.
PPk ez du gehiengo osoa Gasteizko Udalean, eta, horrenbestez, gutxienez beste talde baten babesa behar zuen. Hori horrela, EAJrekin adostu ditu aurrekontuak, bigarren urtez jarraian.
Orain, alegazioak aurkezteko epea abiatu da, eta horiek Ogasun Batzordean eztabaidatuko dituzte. Horren ostean, beste saio bat egingo dute martxoan, aurrekontuak behin betiko onartzeko.
Duela hilabete bat, EAJk eta PPk Arabako Aldundiko aurrekontuak ere hitzartu zituzten.
Bizkaian, EAJk sozialistekin eta popularrekin adostu ditu, eta, Gipuzkoan, EH Bildurekin.
Eusko Jaurlaritzako kontuak jeltzaleek eta PSE-EEk itundu dituzte.