Ekonomia -

Programazioa

Euskalduna Jauregiak irabaziak izan ditu 2013an

Hamar kongresu "handi" espero dituzte (tartean, lehen mailako arretako medikuen Espainiako elkartearena) eta 2014a "urte handia" izango dela iragarri dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Euskalduna Jauregiak 116.216 euroko ustiapeneko irabazi-gordina eskuratu du 2013an, eta Jon Ortuzar zuzendari nagusiak 2014a "urte ona" izatea espero du. Hamar kongresu "handi" espero dituzte, 1.000 partaide baino gehiagokoak.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta Euskalduna Jauregiko Administrazio Kontseiluko presidenteak prentsaurrean adierazi duenez, 1999an ireki zutenetik, urtero irabaziak izan ditu, eta ez du ohiko jarduerarako diru-laguntzarik jaso.

Ortuzarrek adierazi duenez, 2013a urte "zaila" izan da Espainiako kongresu-jauregi guztientzat. Valentziakoak, esaterako, milioi bat euro galdu zituen, eta Euskalduna jauregiak irabaziak lortu zituen. Gainera, urteko egunen % 92n jarduerak izan dituzte, eta guztira 494.430 bisitari izan dituzte. Datu "oso onak", zuzendariaren aburuz.

2014a ere "urte ona" izatea espero du Ortuzarrek. Urriaren 8tik 14ra, lehen mailako arretako medikuen Espainiako elkartearen kongresua egingo dute, eta lau egunez 4.000 profesional jasoko dituzte Bilbon, 2.500 hotel-erreserbarekin. 2005ean hartu zuten kongresu hori, eta orain arte Bizkaian egin duten handiena izan da.

Hirugarren urtez, prezioak izoztu egingo dituztela iragarri du Ortuzarrek, eta hainbat erakunderen "lehia desleiala" kritikatu du. "Galerak dituzten arren, eta diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten arren", aretoak "oparitu" egiten omen dituzte ekitaldiak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskalduna Jauregia bideoak