Ekonomia -

Eurobarometroa

Alderdien finantziazio ilegala zaintzeko eskatu diote Espainiari

Espainiarren %95ek ustelkeria "oso hedatuta" dagoela uste du eta %11k soilik uste du Gobernuak behar beste ahalegin egiten duela.

Espainiarren %95ak uste du ustelkeria kasuak ohikoak direla

1:21

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batzordeak alderdi politikoen finantziazioan ardura gehiagoz jokatzea eskatu dio Espainiara, hainbat irregularitate antzeman baitituzte. Gainera, herrialdean ustelkeria ekiditeko zigorrak ezartzea eskatu dio.

Herritarrek arazo horri buruz duten pertzepzioari dagokionean, espainiarren %95ek ustelkeria "oso hedatuta" dagoela uste du eta %11k soilik uste du Gobernuak behar beste ahalegin egiten duela legez kanpoko ekintzak ekiditeko. Horrela azaldu dute Europar Batzordeak kaleratutako Eurobarometroan.

Espainiako ustelkeriari buruzko txosten batean, alderdi bakoitzarentzat kanpo-ikuskaritza bat eskatzen du Bruselak eta emaitzen kontuak 'on line' argitaratzea, baita maileguak ere. Gainera, "Estatuarekin kontratuak dituzten enpresengandik dohaintzak jasotzearen arriskua" gainbegiratzea gomendatu die.

16 orrialdeko txostena da eta azken urteotan Gobernuak martxan jarritako erreforma errepasatzen dituzte, tartean, Gardetasun Legea delakoa. "Aurrerapauso garrantzitsua" dela aitortu dute, baina ez da nahikoa, ez dituelako kontrolerako mekanismoen "independentziarako garantiak" eskaintzen.

Bestalde, ez du zuzenean izendatzen, baina Espainiako ustelkeria kasu garrantzitsuenetariko baten inguruan aritzen da: "alderdi politiko baten diruzain ohia eta 90 bat enpresari, politikari eta bankari" hartzen dituen kasua aipatzen dute, 'Barcenas kasua'.

Txosten horrek, ordea, ez du Errege-etxearen ikerketaren inguruan hitzik ere esaten. Cecilia Malmstrom Barne komisarioak jakinarazi duenez, ikerketak ez ditu martxan dauden prozesuak aztertu.

Eraikuntzan eta Zaborren Bilketan ustelkeria izateko "arrisku handia" dagoela gaineratu du eta sektore horien inguruan hainbat ikerketa jarri dituztela martxan, kontratu publikoen esleipenean irregulartasunak izan direlakoan.

Ustelkeria, "oso hedatuta"

Eurobarometroaren datuen arabera, espainiarren %95ek uste du ustelkeria "oso hedatuta" dagoela, Europar Batasuneko %76ko batez bestearen aurrean. Gainera, espainiarren %63k (Europar Batasuneko batez besteko altuena) uste du ustelkeriak eguneroko bizitzan eragina duela.

Gainera, espainiarren %11k soilik uste du Gobernuak ustelkeria gutxitzeko esfortzuak egiten dituela eta %10ek uste du horren inguruko epaiketak arrakastaz amaitzen direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea