Ekonomia -

Galerak

Sonyk Vaio saldu du eta 5.000 langile kaleratuko ditu

Uztailerako, telebisten fabrikaziorako saila zatitu egingo du Sony enpresa japoniarrak. Dirudienez, sail horrek galerak eman ditu azken bederatzi urteotan.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sony elektronika munduko Japoniako enpresa erraldoiak 5.000 langile kaleratuko ditu 2015eko martxora bitartean, telebisten eta ordenagailuen sail defizitarioak ixteko planaren ondorio moduan.

Tokion egoitza duen enpresak jakinarazi du 1.500 lanpostu Japonian bertan murriztuko dituztela eta 3.500 atzerrian, zehaztasun gehiago eman gabe. 2015eko urte fiskalari begira, gastuak heren bat murriztu nahi du enpresak.

Uztailerako, telebisten fabrikaziorako saila zatitu egingo dute. Dirudienez, sail horrek galerak eman ditu azken bederatzi urteotan. Gainera, Vaio ordenagailuen marka Japan Industrial Partners (JIP) inbertsio-funtsari saldu dio eta ez Lenovo enpresari, aurreko egunetan hainbat iturrik azaldu zuten moduan. Azken Vaio ordenagailuak udaberri honetan helduko dira dendetara.

Elektronikaren erraldoiak irabaziak izan zituen 2013ko azken hiruhilekoan, baina urte fiskalaren amaieran (martxoaren 31n, Japonian) 110.000 bilioi yen (11.000 milioi dolar) galduko dituela iragarri du.

Horrela, Sonyk galerak izango ditu urte fiskalaren amaieran, galera horiei aurre egiteko prestatu duten berregituraketaren kostuagatik (espero zutena baino handiagoa izan da) eta gailuen sailaren zein telebista eta ordenagailuen errendimendu eskasagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea