Ekonomia -
Finantzen euskal Kontseilua
Jaurlaritzak 10 milioi euro emango dizkie Gipuzkoa eta Arabari
Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek ez dute Ekarpen Legeak zehazten zuen kopurua jarri beharko, horren zati bat baizik.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek akordioa lortu dute gaur goizeko Finantzen Euskal Kontseiluan. Oztopo handiena enpresen balantzeak nola eguneratu adostea bazen ere, azkenean erakundeetako ordezkariek hitzarmena lortu dute. Horrenbestez, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek ez dute Ekarpen Legeak zehazten zuen kopurua jarri beharko, horren zati bat baizik. Izan ere, Jaurlaritzak 10 milioi euro emango dizkie, 7,8 Gipuzkoari eta 2,2 Arabari, jarri beharko dutena orekatzeko.
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak eman du erabakia ezagutzera, Finantzen Euskal Kontseiluaren ostegun honetako bileraren amaieran. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere bertan izan dira.
Gatzagaetxebarriak nabarmendu duenez, akordioa instituzio guztiek, zati batean, bere eskaerei uko egin dielako lortu da, "elkarrekiko emateak" egin dituztelarik.
Finantzetako Euskal Kontseiluaren bilera gatazkatsua aurreikusita zegoen, Sozietateen Zergaren diru-bilketan enpresa batzuek egindako balantzearen jardueragatik. Arazoa Jaurlaritzak Aldundi bakoitzari eman beharreko kopurua kalkulatzean zatzan, bakoitzak Sozietateen Zergaren bitartez bildu duen kopuruagatik, iaz enpresa batzuek egindako balantzearen eguneratzea zela eta. Bide horrek Bizkaiari 120 miloi euroko diru-sarrera eman zion, Gipuzkoak bost milioi jaso zituen eta Arabak bi.
Azkenik, bi lurralde horiei konpentsatzea adostu dute, 7,8 milioi eurorekin Gipuzkoaren kasuan, eta 2,2 milioi eurorekin Arabarenean. Halaber, paktuak 2013an sartutako 33 milioi euroren ekarpen eredua dakar, "opor fiskalak" berreskuratzeagatik.
Paktuan datozen aldagarri guztiak kontuan hartuta, Jaurlaritzak eta aldundiek azaldu dute Arabak eta Gipuzkoak balantzeak gaurkotzearen efektuak eragingo lituzkeen kalteen % 65 betetzen duen konpentsazioa jasotzen dutela.