Ekonomia -
EAEko datuak
EREak % 21 igo dira urtarrilean, baina iaz baino % 28 gutxiago dira
Enplegua Erregulatzeko 251 Espediente tramitatu zituen Gobernuak urtarrilean, aurreko hilabetean baino % 21 gehiago baina iazko urtarrilean baino % 28 gutxiago.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako enplegu Sailak Enplegua Erregulatzeko 251 Espediente tramitatu zituen urtarrilean, aurreko hilabetean baino % 21 gehiago baina iazko urtarrilean baino % 28 gutxiago.
Juan Maria Aburtoren Sailak ohar batean azaldu duenez, urtarrileko espedienteek 3.227 langileri eragiten diete, iazko hilabete berean baino % 23 gutxiago. Horrek, Enplegu Sailaren ustez, “lan merkatuaren bilakaera abenduarekiko igoera baino hobeto azaltzen du”.
Urtarrileko espedienteetatik, 150 aldi baterakoak izan dira, 91 lanaldia murriztekoak eta hamar langileak kaleratzeko aurkeztutakoak. Guztira, 139 pertsona kalera bota dituzte urtarrilean, abenduan baino % 9 gehiago baina iazko urtarrilean baino % 59 gutxiago.
Onartutako 251 espedienteetatik, gehienak aurreko baten jarraipena izan dira (197) eta 2.807 langileri eragin diete (% 87). Espediente gehienek (% 90) langileen babesa izan dute.
Sektoreka, nekazaritza eta eraikuntzan porzentaiak mantendu egin dira, industrian espediente gutxiago izan dira eta zerbitzuetan, berriz, igo egin dira.
Egun, 1.261 espediente indarrean daude, eta 16.833 langileri eragiten diete.